Urki paper dendak irabazi du Iurretako enpresa proiektuen lehiaketa saria

Anboto 2016ko ots. 24a, 11:04
Iñaki Totorikaguena eta Haizea Ruiz de Pinedo saria emateko ekitaldian.

Urki paper-dendak irabazi du Iurretako VII. Enpresa Proiektuen Lehiaketa. Jada bazegoen liburudenda berregokitu du Haizea Ruiz de Pinedok, eta, Iurrerako Udalak "jarduera ekonimikoagaz jarraitzeko asmo hori" saritu gura izan du. Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak gaur goizean izandako ekitaldian. Udalaren eskutik 6.000 euro jasoko ditu.

Herri barruan enpresa berria sortzea sustatzea du helburu Iurretako enpresa-proiektuen lehiaketak eta bidea erraztu nahi die, norberaren enpresa edo denda sortuz, lanean hastea erabaki dutenei. Zazpi urte dira ekimena sortu zenetik eta bost sari eman izan dituzte. Urte bian geratu izan da saria eman gabe.

Jolasak, liburuak, litxarreriak... saltzen dituzte Uriki papertegian. Eskolarako amantalak eta baserritar jantziak ere bai, Ruiz de Pinedok azaldu duenez. 6.000 euroen %70a jaso du dagoeneko gazte gasteiztar horrek. Urtebete igaro ondoren jardueragaz jarraituz gero geratzen den %30a emango diote.

Jardera berri moduan hartu dute Urki paper-denda, Iñaki Totorikaguenaren berbetan: "Askotariko gauzak jarriko dituzte salgai eta dendaren aurrealdea ere konpondu dute. Jarraipen asmo hori saritu gura izan dugu. Izan ere, ez da erraza negozio bat martxan jartzea autonomo moduan. Enpresa berriak sortzea gura dugu, baina, baita daudenak finkatzea eta  jarraitzea ere". 

Duela hiru urte etorri zen Iurretara Haizea Ruiz de Pinedo. Horrelako laguntzen duten garrantzia nabarmendu du: "Laguntzak jasotzea beti dator ondo. Askotan ez da erreza diru-laguntzak lortzea. Banketxeek ere ez dute laguntzen diru-sarrerarik izan ezean".

Ekainean zabalduko dute  Iurretako enpresa-proiektuen hurrengo lehiaketa. Besteak beste, bideragarritasun plan bat aurkeztu behar da eta jarduera ekonomikoa herri barruan planteatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!