Bizikletentzako gune berriak gehitu dituzte, mugikortasun jasangarria bultzatu guran

Anboto 2016ko ots. 19a, 14:03

Juan Orobiogoitia institutuan bizikletak uzteko gune berria egokitu dute; 12 bizikleta uzteko tokia egokitu dute bertan. Horrezaz gainera, laster, Maspen, Zubiaurre eta Amilburun ere jarriko dituzte bizikletak uzteko tokiak. Orain arte, bizikletak aparkatzeko 57 leku egon dira herrian zehar banatuta.

Iurretako Udalak mugikortasun jasangarria bultzatzea du helburua, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez: "Bizikleten erabilera bultzatu gura dugu, hartara mugikortasun jasangarria sustatzeko. Herritarrei bizikleta erabiltzeko aukera hori errazteko bizikletak uzteko guneak ipini gura ditugu eta herriko bidegorri sarea zabaldu".

2008an hasi ziren Iurretan bizikletak aparkatzeko tokiak ipintzen. Hartara, orain arte, bizikleta uzteko 57 toki izan dira banatuta herrian: Seina toki Maiztegi eskolan eta Ibarretxe kultur etxean; bosna, udaletxean, Goiuria kultur gunean eta Maspe kalean; zazpi toki Uralde kalean, eta, hamar Bixente Kapanagan.

Horreri gehituko zaizkio Juan Orobiogoitia ikastetxean jarriko 12 tokiak,eta, laster, Maspe, Zubiaurre eta Amilburun ipiniko dituzten beste 18 lekuak. Bizikletak aparkatzeko bost gune horiek egokitzeko 1.250 euro erabiliko ditu udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!