Biblioteka eta Askondo kaleko birmoldaketak izango dira Iurretako 2016ko proiektu nagusiak

Anboto 2016ko urt. 21a, 12:15
Askondo kalean aterpea jartzea da ideietako bat.

Bibliotekaren birmoldaketa (125.000 euro), Askondoren errehabilitazio osoa (475.000 euro) eta Santa Apolonia auzoa Orozketarako errepideagaz lotzea (150.000). Horrexek izango dira Iurretako Udalaren proiektu nagusiak, aurten, eta 2016rako lotutako inbertsio atalaren ia %72 eroango dute.  Gaur goizean onartu ditu udalbatzak 5,9 milioi euroko aurrekontua— iaz baino %3,73 gehiago—; 1.050.000 euroko inbertsio atala jasoaz —iaz baino %27,12 gehiago—. EAJk eta PSE-EEk bozkatu dute alde; EH Bildu abstenitu egin da.

Gastu arruntak, eta Kultura eta Gizarte Ongizate arloko diru-laguntzek izandako igoerak eragin dute aurrekontuaren igoera, inbertsio atalagaz batera.

Hainbat zalantza
Aurrekontua urtarrilean onartzeagatik zoriondu ostean, bai bibliotekarako bai Askondorako egitasmoekiko zalantzak agertu ditu EH Bilduk: “Dugun inbertsio gaitasunaz jabetzen gara; ez dugu marjina askorik. Bibliotekan zerbait egin behar dela argi dugu, baina, baditugu beste lokal batzuk ere egokitu daitezkeenak biblioteka lasaitzeko”. Askondorako inbertsio “potoloak” ere “dudak sortu” dizkie, “askotariko iritziak” jaso dituzte-eta. Herritarrei gordetako diru-atal baten falta ere aipatu dute, “parte hartzea bideratuz”.

PSE-EEk udaleko lanpostuen zerrenda osatzeko egin den lana azpimarratu du, aurrekontuan islatzeak duen “garrantzia” aipatuz. Bibliotekak inbertsio baten beharra duela ere esan du.

Biblioteka “modernoagoa”
Bibliotekan “hormak bota eta espazioa zabalduko” dute. Totorikaguena alkateak azaldu duenez,“asko erabiltzen dira  kultur etxea eta liburutegia; hori oso positiboa da. Horregatik modernizatu gura dugu”. Lanak udan hasi gura dituzte, biblioteka ixtea eskatuko lukete-eta. Askondon “herritarrentzat espazio bat errekuperatu” gura dutela nabarmendu du alkateak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!