Muniketako bideko zaintza areagotuko dute auto igoera arriskutsuak eragozteko

Anboto 2016ko urt. 15a, 12:30
Zornotza eta Muxika dira errebuelta estuak hartzen dituen Muniketarako errepidearen zatia nagusia.

Bistakoak dira gurpil markak Artatzatik Muniketarako igoeran; gaztetasunari egotzitako eromenak utzitako arrastoak. Errepide zabalak eta errebuelta estuek lasterketa zaleak erakartzen ditu, abiadura egarriz.

Oromiñoko San Marko auzoan bizi da Kepa Arroitajauregi, Muniketako igoeraren hasieran. Sarritan entzun ditu motor hots eta derrapatzeak: “Goma hotsak eta balaztadak entzuten dira; argiak gauetan. Baina, gertutik, lantzean behin sufritu izan ditugu”. Muniketan gora ibiltzen dira: “Gernikan lan eginda goizaldean etxera bueltan, ikusi ditut autoak bide bazterrean”.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu du badutela horren berri, kexa formalik jaso ez duten arren. Eskumena Ertzaintzarena da, foru bidea da-eta: “Abisua eman dugu, eta zaintza areagotu dutela esan digute, Gernikako ertzainetxeagaz koordinatuta”. Kontuan hartu behar da, Muniketarako errepidea nagusiki Zornotza eta Muxikarena dela.

“Adrenalina askatu guran”
Lasterketak egiten direla ukatu du Abadiñoko Iban Tarsicio auto gidariak: “Lasterketak gustuko dituzten 18-19 urteko gazteak dira. Gauez dabiltza ia zirkulaziorik ez dagoelako, eta arrisku gutxiago ere bai; argiak urrunetik ikusten dira”. Auzokoen ardura ulertzen du hamar  urtetik gora lasterketetan ari denak, eta bat etorri ez arren, “beste aukerarik ez dutela” dio. “Adrenalina askatu gura dute, arriskua hartuz, ez dute-eta baimenik, eta mina har dezakete”. Gidarien irudiari kalte egiten dioten galdetuta, dio “arrisku bila ari diren zorotzat” jo dituztela askotan: “Gurago genuke zirkuitu publiko bat, seguru ibiltzeko. Baina ez dago batere EAEn. Gertuen, Miranda Ebron dago. Lasterketa ofizialak ditugu guk entrenamendu”.

Lasterketei mesede eskasa
Jokaera horiek mesede eskasa egiten diete auto lasterketei. Durango Racing-eko Aketza Santa Colomaren esanetan “denok pasa dugu gaztetako zera hori, baina ez da zentzuzkoa, ezin da onartu, inoren segurtasuna arriskuan jartzea”. Muniketarako Igoera izaten zenean nabarmendu zen bidea.

Lasterketetan ari direnen irudia kaltetzen dutela dudarik ez du Santa Colomak: “Lasterketa bat antolatzeak, lana, dirua, baimenak eskatzen ditu, eta ez guk ezta auzokoek ere ez dugu zertan holako jokaerarik sufritu”. Urkiolako Igoera ekarri du gogora; “hainbat arazo sortzen dira antolatzeko orduan, baina, ez dugu gaitasunik horri aurre egiteko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!