Iturburuko ortu ludikoen egitasmoak "erabateko arrakasta" lortu du

Anboto 2015ko abe. 17a, 14:06
Udaletxean egin zuten lursailen zozketa, atzo

Iturburuko ortu ludikoetarako zozketa egin zuten, atzo. Lursailetako esleipendun guztiak elkartu ziren udaletxean, eta lursailen zozketa egin zuten. Okupatutako berrogei lursailetatik hamasei esleipendun berriak dira; lursail guztien %40 hartuko dute. Hartara, "herritar gehiagorengana iristeko udalaren helburua bete" da, udal arduradunek azaldu dutenez. Egitasmoaren "erabateko arrakasta" nabarmendu dute.

Bost urteko ziklo baten amaiera eta hurrengoaren hasiera beteko da orain, "bai barazki ekologiko bikainak ekoizten jarraituko duten beteranoentzat bai aitzurrarekin lanean hasteko aukera handi honen zain egon diren lursailetako erabiltzaile berrientzat", gaineratu dutenez.Duela bost urte herritarrei espazio natural bat eskaintzearen aldeko "apustua" egin zuen udalak, bertan barazkiak ongarri kimikorik gabe ekoizteko, eta, "erabateko arrakasta" lortu du egitasmoak. 

Bizi kalitatea "hobetuz"

Iturburun dauden instalazioak bisitatzera eta hurrengo ziklo berrietan izena ematera ere animatu ditu herritarrak Iurretako Udalak: "Horrela bizi kalitatea hobetuko dugu, eta seme-alabei etorkizun hobea utziko diegu". Honako hauek dira 2016-2020 ziklo berrirako helburuak: familia giroko nekazaritza ekologikoari, artisauari eta iraukorrari eustea eta instalazioetako teilatuko euri urak berreskuratzen jarraitzea, horrela laborantza lan guztietara iristeko. Landare hondakinekin konposta egiten hastea ere bada xede, eta uztako soberakinak elkartasunez erabiltzea ere bai. Horrela asteko otzara bat sortuko litzake, banaketara dedikatzen diren elkarteentzat herriko behar duten familien artean banatzeko. Horrela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak ohar baten.

Gaineratu dutenez, tomate, piper, leka edo kalabizen "kalitateak" ekoizpen ekologikoaren kontzientziazioa eta ingurumenaren errespetua ekarri ditu. "Gaur egun metodo tradizionalak nahiko dira gure osasuna hobetzea lortzeko eta geuk gure herrian ekoitzitako produktuak gure ingurukoei eskaintzeko". Iurretako Udalak  "bete betean asmatu du" Urkiola Landa Garapenaren laguntzagaz egindako "apustuagaz". Duela bost urte martxan jarritako proiektutik ikasteko udalerri asko etorri dira bisitan Iurretara, Totorikaguenaren berbetan.

Ikastaroa eskainiko zaie urte hasieran

Atzo udaletxean batutauko esleipendun bakoitzak lagapen akta eta baratzeak erabiltzeko arauak errespetatzeko konpromisoa sinatu zuen. Urtarrilean, otsailean eta martxoan baratze ludikoetako begiraleak prestakuntza eta birziklapen ikastaro bat eskainiko die esleipendun guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!