Iurretapedia, elkarlanaren emaitza

Anboto 2015ko abe. 11a, 09:00

Euskal Herrian ekimen aintzindaria jarriko du martxan Iurretako Bibliotekak. Izan ere, Wikipedian Iurretako atalari dagokion informazioa herriko elkarte, eragile, eta norbanakoek elkarlanean idatziko dute. Ez da erronka makala esku artean dutena; bihar, zapatua, Ibarretxe kultur etxean batzeko hitzordua jarri dute, elkarlanean Wikipediaren Iurretako orrialdea idazteko. Besteak beste, Gurutze Frades kirolaria, Anderebide emakume elkartea, dantza taldea, ikastetxeak, Fasoden Maliko elkartea, eta udala dira parte-hartzaileen aniztasunaren adierazle.

Lanari ekiteko KZ Guneko ordenagailuak erabilgarri egongo diren arren, eskura dituztenei ordenagailu portatilak eramateko eskatu diete. Aurreko asteetan hitzordu hori prestatzeko ikastaroak ematera etorri den Xabier Cañas euskal wikilaria ere gonbidatu dute zitara.

Urteurrenaren harira
Ziortza Onaindia Iurretako Bibliotekako arduradunak azaldu duenez, Iurretaren desanexioaren 25. urteurrena baliatuz ipini gura izan dute martxan Iurretapedia proiektua. Izan ere, Kataluniako beste herri batzuetako esperientziak ezagututa, Iurretan antzeko proiektu bat sortzea gura zuten.

Lehenengo euskaraz
Ekimena parte-hartzailea eta euskalduna da oinarrian. Euskarazko atala osatzen dutenean beste hizkuntzetara itzultzea gura dute. “Herriko elkarte eta eragile guztiei gonbidapena luzatu diegu, eta denek baietz esan dute”, dio Onaindiak. Hala ere, teknologia berrien erabilera elkarte guztien esku ez dagoenez, malgutasun osoz jokatzen ari dira, ahalik eta parte-hartze handiena bermatzeko. Helburua da bakoitzak bere jakintzatik proiektu osoari ekarpena egitea.

Onaindiak gogoratu duenez, Gerediaga elkarteari lan-ildo batzuk markatzeko eskatu diote, eta oinarri horretatik abiatuta, elkarte, eragile eta norbanakoek ekarpenak jasotzea da asmoa.

Gurutze Frades

- Atleta - 34 urte -

Zelan ekin diozu Iurretapedia proiektuari?
Anderebide emakume elkarteak proposatu zidan nire ibilbide profesionalari buruz idaztea, Iurretako zatian lotura egiteko. Ekimen berezia iruditu zait eta parte hartzeko gogoz nago.

Kirolean izan dituzun lorpenekin ez zaude oraindik Wikipedian?
Ez, beste kirolari batzuena irakurri izan dut, baina, egia esan, ez zait sekula bururatu Wikipedian neure buruari buruz idaztea.

Miren Abasolo

- Jai batzordeko kidea - 38 urte -

Zer ekarpen egingo diozue Iurretapediari?
Jai batzordearen historia kontatuko dugu, eta herriko jaien inguruko ohiturak azalduko ditugu. Horixe da asmoa.  

Zer lan dinamika duzue?
Aurreko belaunaldietan jai batzordeko kideak izan diren pertsonekin biltzeko asmoa dugu informazio hori jaso ahal izateko.

Proiektuari zer deritzozu?
Ideia ona da. Informazioa jaso eta denon artean ekarpena egiteko modu ona da.

Erlantz Zaldunbide

- Zaldai mendi taldeko kidea - 33 urte -

Proiektu honi zer deritzozu?
Iurreta ezagutzera emateko era bat da. Gainera, norbanakoen eta elkarteen artean zer edo zer aberasgarria egin daiteke.

Zer ekarpen egingo duzue Iurretapedian?
Alde batetik, Zaldai mendi taldearen berri emango dugu, bere jarduera eta historia kontatuta. Bestetik, Iurretako geografiara begira, herriko mendiak zeintzuk diren eta zer altuera duten idatziko dugu. Iurretaren muga geografikoez ere idatziko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!