'Marijesiak Ijorretan' topaketa antolatu dute zapatu honetarako

Anboto 2015eko abenduaren 10a

Abenduko Koplen erronda Iurretan (Argazkia: Iñaki Irazabal)

Doinu berezia hartuko dute aurten Iurretan abendu koplek. Izan ere, Abendu Koplak edo Marijesiak abesten dituzten herrietako hainbat talde batuko dituen ‘Marijesiak Ijorretan’ topaketa egingo dute, abenduaren 12an. Iurretako taldeak bihar egingo du azken entsegua, 19:30ean, Goiuria kulturgunean. 

Asteon, Abenduko Koplen entseguan.‘Abendu koplak’ eskainiko dituzte Aita San Migel elizan, 19:00etan. Iurretako eta Oromiñoko taldeekin jardungo dute Ea, Areatza (Muxika), Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Mendata, Mendiola (Abadiño), Gernika eta Lekeitioko taldeek. Mendiolako taldeak lehenengoz parte hartuko du topaketa honetan.

Kopla zaharrak lehenengoz 1691an argitaratu zituen Durangoko Nikolas Zubia abadeak Doctrina en basquence liburuan. Liburu hori desagertuta dago, baina geroztik, beste argitalpen batzutan ere argitaratu ziren.

Bizkaiko hainbat herritan egon da Abendu Koplak edo Marijesiak abesteko ohitura; Iurretako taldekideek azaldu dutenez, berton, gutxienez, azken 45 urtetan bai. Ohitura mantentzen duten herrietako koadrilak topaketak egiten hasi ziren 2009an, eta urtero, abenduko bigarren zapatu iluntzean elkartzen dira, bakoitzak bere kantaera estiloa erakusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!