Apirilaren 27an, hauteskundeen aurretik, Iurretako Udaleko lanpostuen balorazioa atzera bota zuen oposizioak. Baina, hauteskundeetako emaitzek egoera erabat aldatu dute zazpi hilabete beranduago. Izan ere, hauteskundeetan EAJk gehiengoa eskuratu du Iurretako Udalean. Horrela, gaur goizeko plenoan berriro ere lanpostuen balorazioa mahai gainean jarri dute Iurretan. EH Bilduk gogor kritikatu du balorazioa. Liher Aiartzaguena zinegotziak azaldu duenez kontratazioetan "urteetan EAJk inprobisazioan oinarritutako politika erabili du". Gaineratu duenez, "sarritan ilegala izan den politika horrekin organigrama bat sortu da". Ezker abertzaleak uste du organigrama bera dela lanpostuen balorazioa egin aurretik aztertu beharko litzatekeena.
Iñaki Totorikaguena alkateak EH Bilduko zinegotziei gogoratu dienez, "lanpostuen balorazio hau langileen ordezkariekin adostutako plan bat da. Ez da EAJren asmakizun bat". EH Bilduren kritikei erantzunez, Totorikaguenak argitu gura izan duenez, "ez dute ekintza ilegalik egin, egoera laborak erregularizatu baino".
PSE-EEko zinegotziak berriz, apirileko plenoan balorazioaren kontra bozkatu zuen arren, oraingoan aldeko agertu da. Maria Angeles Muñozek dioenez, "balorazioak udala zelan egituratu jakiteko eta baliabideak hobeto aprobetxatzeko balio behar du. Plan honekin abiapuntu bat dugula uste dut, lehiaketara zein plaza atera eta zein ez jakiteko. Oinarria da baliabideak sail batetik bestera pasatzeko lana pilatzen denean. Ez zitzaidana iruditzen da soldatak igotzeko balorazio bat egitea beste ezer aldatu barik. Orain, antolatuta dugula, badakigu nondik jarraitu".
Plenoaren amaieran Jose Ramon Lasarguren ELA sindikatuko udaletxeetako arduradunak hitza eskatu du. Alde sindikalak lanpostuen balorazioa zergatik eskatu duen azaldu gura izan du Lasargurenek. ELAko ordezkariak dioenez, "balorazioa alde ekonomikoarekin lotu daitekeen arren, hori baino askoz gehiago da". Alde tekniko, juridiko eta politikotik administrazio guztiek lanpostuen zerrenda bat izatera behartuta daudela gaineratu du. Iurretako Udalak LPZ hori bazuela dio ELAko ordezkariak, baina "zehaztasun barik". Lasargurenen arabera, " ordainsariak edo LPZ-n agertzen diren baldintzak ez zeuden objektibatuta. Zergatik? Ez zelako baloraziorik egin".