Mongoliako lankidetza proiektuez berba egiten abiatuko dute, gaur, 'Munduko Paisaiak'

Anboto 2015ko urr. 27a, 13:31
Ibarretxe kultur etxeko aretoa Mongoliako lankidetzari buruzko berbaldirako prest (Argazkia: La Otra Miradaren Facebook kontua)

Urtero legez, kulturaniztasunari buruzko egitaraua antolatu dute Iurretako elkarteek elkarlanean. Gaur, 19:00etan izango da lehenengo ekitaldia: La Otra Mirada GKEak Mongolian dituen lankidetza proiektuei buruzko berbaldia eskainiko du, 19:00etan Ibarretxe kultur etxean. Datozen bi asteotan munduko jolasen tailerra, literatura ekitaldiak eta Iurreta Ezagutu mendi ibilaldia izango dituzte.

Bariku honetan, urriak 30, familientzako munduko jolasen tailerra egingo dute 17:00etan hasita. Ostean, 20:00ak aldera Japoniako Yoshi Hioki helduentzako ipuin kontalaria egongo da Ibarretxen, 'La flor que palpita' ipuin kontaketa saioa eskaintzen. Umeentzako ipuin-kontaketa saio bat ere egongo da, azaroaren 6an. Iinglesezko 'Around the world' kontaketa izango da, 18:00etan, haur bibliotekan.

Horrez gain, Afrikako emakumeen literatura aztertzeko tailerra ere izango da asteotan, azaroaren 2an eta 16an, 18:15etik 20:00etara.

Azaroaren 4an, eguaztena, bizikletaz munduan zehar bidaiatu duen familiaren 'Mundubicyclette' ikus-entzunezkoa proiektatuko dute zine-klubean, 19:00etan.

'Iurreta ezagutuz' elkartasun ibilaldia

Azaroaren 8an, Zaldai mendi taldeak antolatuta, 'Iurreta ezagutuz' mendi ibilaldia egingo dute. Goizeko 09:00etan irtengo dira Iurretako frontoitik eta ibilbide bi prestatu dituzte; luzea 23 kilometrokoa eta laburra 16 kilometrokoa. Gallanda, Laixiar eta Azkorra inguruetatik diseinatu dute ibilbidea. Izena azaroaren 5a baino lehen eman daiteke Ibarretxe kultur etxean edo www.herrikrosa.eus atariaren bidez. Egunean bertan ere egongo da aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!