Sarrera eta gastuak "orekatzeko" zerga eta tasen %0,2ko "gaurkotze" orokorra onartu dute

Anboto 2015eko urriaren 22a

Zerga eta tasen %0,2ko “gaurkotze” orokorra egingo du udalak, 2016an.“Larregi zergapetu gabe, sarrera eta gastuak orekatzeko oso neurrizko igoera” egin dute, Totorikaguena alkatearen berbetan. Izan ere, azken bi urteetan, bere horretan mantendu dira zerga eta tasak, gastuak igo arren. Horrekin batera, zenbait hobari zabaldu dituzte. Aho batez onartu dituzte datorren urterako ordenantza fiskalak gaur goizean.

Zaborren zerbitzua eta estolderia tasan %50 edo %75eko hobaria dago aurreikusita ordenantzat fiskaletan. Errenta aitorpenaren araberako hobaria da. 2016ari begira bestelako tasa eta zerga batzuetara zabalduko dituzte hobari horiek.

Hartara, errenta aitorpenaren eta familia kide kopuruaren arabera, %50 edo %75eko hobaria  egongo da hileta-zerbitzuetan eta TAOren egoiliar txartelean ere bai. Baita Familia ugariek ondasun higiezinen zergan ere; orain arte, %30eko hobaria izan dute familia ugariek. Bestalde, estolderia tasa ordaintzera salbuetsita egongo dira zerbitzua hartzen ez dutenek edo putzu septikoa dutenek.

 

Goiuria kulturgunea

Bestalde, behin betiko onartu dute Goiuria kultur gunea dagoen lursailaren desafekzio partziala. Goiuria kultur gunean, eskaileren azpian dagoen 3,75 metro koadro (komun bat dago hor kokatuta) ondasun ondare gisa jasoko da eta Zubiaurre 8ko bizilagunei utziko zaie igogailua jar dezaten. Aho batez onartu dute hori ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!