Iurretan bost lagun atxilotu dituzte Zumaiako enpresa batean lapurreta egiteagatik

Anboto 2015eko urriaren 22a

Kableak eta xafla metalikoak lapurtu zituzten eta indarrez egindako lapurreta egozten diete. A-8 autopistako bidesarira heltzen ari zirela atzeman zituzten.

Martitzenean izan zen lapurreta eta egun berean atxilotu zituzten susmagarriak. Enpresako arduradunek lapurrak Chrysler Voyager batean alde egiten ikusi zituzten eta Ertzaintzari abisua eman zioten. Ertzainek furgoneta hori A-8 autopistara sartzen ikusi zuten. Elgoibarren itxaron zioten eta atzetik jazartzen hasi ziren. Iurretako bidesarira heldu aurretxoan geldiarazi zuten furgoneta eta barruan zihoazen bost lagunak identifikatu zituzten. 21 eta 46 urte artean zituzten. Furgoneta arakatu eta kableak eta xafla metalikoak aurkitu zituzten, ustez Zumaiako enpresatik ostutakoak. Horrela, bost lagunak atxilotu egin zituzten eta indarrez egindako lapurreta egozten diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!