Argazki zaharrez osatutako bilduma osatu dute iurretarren kontsultarako

Anboto 2015ko urr. 20a, 14:36
Txelu Angoitia argazkilariak eta Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak eman dute egitasmoaren berri

Iurretako ondare fotografikoa eskura jarri guran herriko 428 argazki zaharrez osatutako bilduma eratu du udalak Gerediaga elkartearen laguntzagaz.  Bi liburukinetan banatuta dago bilduma eta argazkiak aro analogikokoak dira, zuri-beltzean gehienak: 1895ekoa da argazki zaharrena eta berriena 1993koa.

Nabarmentzekoak dira, batetik, bitxikeri lez, 1910ean eta 1919an Santa Apoloniako abiazio-zelaietan ateratako irudiak; eta, bestetik, Ebro baserriaren edo aintzinako udaletxearen irudiak, euron balore dokumentalagaitik.

Sei artxibo desberdinateko erreferentziak jaso dira udaletxean gordeko den Iurretan zuri-beltzean 1895-1993 bilduman, eta kontsultarako iturrien gida bat osatu da.  Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu lez, herritarren kontsultarako fondo bat izan gura du,“edonork aberastu dezakeena bere ekarpenekin”. Horretarako sei kopia egin dira. Txelu Angoitia argazkilariaren berbetan, “zabalik dagoen proiektua” da: “2015an hau daukagu, baina, 2020an gehiago egon daiteke. Inork argazki zaharren bat badauka Gerediagaz jarri daiteke kontaktuan”. 

Dexanesioaren 25. urteurrenaren haritik

Iurretako Udalaren desanexioaren 25. urteurrenaren harira Montoiko zubian antolatutako argazki zaharren erakusketa prestatzen sortu zen ekimenak hiru helburu ditu: dagoena katalogatu eta eskura ipini, Iurretaren memoria bisuala eratzen joan eta oinarri bat sortzea, sortu litezkeen berriak gaineratzeko balioko duena. Montoian jarri ziren argazki zahar haiek herrian zehar ipini dituzte.  Santa Apolonia, Amezketa, Arriandi, Amilburu, San Migel eliza, Bixente kapanaga kalean... irudi horiek argazkiak atera ziren leku haietan jartzen saiatu dira, azaldu dutenez.

 

Bilduma osatzeko sei artxiboak: 

  1. Doliwa. Odi-Bakar enpresaren sortzaile alemaniarra, argazkizalea eta artxibo garrantzitsua utzi zuena.
  2. Ojanguren. XX. Mende hasieran gipuzkorrak lan handia egin zuen eta Gipuzkoako artxibo nagusian daude gordeta gaur egun.
  3. Angoitia anaiak. 1952tik 2005. Urtera arte Durangoko Foto Sol argazki dendako arduradunak izan ziren eta jatorriz Iurretako Santa Apolonia auzokoak.
  4. Pablo Garitaonandia argazkilariak 1992-1993 urteetan Iurretako nekazaritza bizitzari buruz egindako ikerketarako egindako argazkiak.
  5. Gerediaga Elkarteko artxiboa, batez ere, German Zorranquin durangarraren artxiboa jatorri dutela eta denboran berriagoak Jose Mari Uriarteren batzuk.
  6. Joseba Agirre “Iketza” iurretarrak etxez etxe gaur egun ere biltzen jarraitzen duen artxibo zabala
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!