Iurretan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria landuko dute datozen hileotan

Anboto 2015ko urr. 20a, 10:00
Martxoan euskara bultzatzeko hainbat batzar egin zituzten herritarrek.

Euskara sustatzeko ekintza plan berria landuko du datozen hilabete hauetan Iurretak. Izan ere, aurten, amaituko da Iurretako Udalak onartutako 2012-2015 epealdirako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Duela hiru urte onartu zuen hori udalak. Ekintza plan berria osatzeko Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izango dute.

Lan horretarako, Iurretan, euskararen gaur egungo egoera zein den aztertuko dute lehenengo eta behin. Ondoren, hurrengo urteetan "euskara sustatzeko helburuak" finkatuko dituzte, horretara  ekintza egoki eta eraginkorrak martxan jartzeko. 

Tailer irekia

Iurretarrek "euskara nola bizitzen, sentitzen eta entzuten" duten jakin gura du Iurretako Udalak, eta horretarako herritar guztiei zabalik dagoen tailerra antolatu dute urriaren 27rako. Ibarretxe kultur etxean izango da jarduera hori, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Herritarren "ideiak, proposamenak, ekarpenak, ametsak entzun eta partekartzeko" tailerra izango da hori eta gai horretan interesa duten pertsona guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Urriaren 23a baino lehen eman behar da izena. Horretarako 94 620 12 00 telefono zenbakira deitu daiteke (Izaskunengaitik galdetu), edo mezua bidali iizurieta@iurreta.net helbide elektronikora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!