Iurretako San Migel jaiak 2015

Yankiek hartuko dituzte kale eta bazterrak biharko Mozorro Egunean

Anboto 2015ko urr. 2a, 11:25

Bidearen erdia egin dute sanmigelek. Hala ere, oraindik badago zer egin eta zer ikusi Iurretan. Gaur Durangaldeko musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte; Kohatu, Saliva, Baghdag eta Ganorabakuek taldeak igoko dira oholtzara. Bihar, Mozorro Egunean, yankiek hartuko dituzte kale eta bazterrak, Jai Batzordearen gonbiteari eutsita.

Horrez gain, bizikleta festa, herri bazkaria eta erromeria antolatu dituzte. Baita bertso saioa ere: Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Igor Elortza arituko dira.

Domekan, berriz, XVII. Nekazaritza eta Artisautza Azoka egingo dute, Andaparapen. Dantzariek, bakailao txapelketak eta herri afariak osatuko dute eguna.

Gorporazioa dantzara
Montoiko zubitik botatako txapligoekin jai-giroan murgildu ziren iurretarrak, San Migel bezperan. Donien Atxa jartzeko arratsaldeko hitzorduak, berriz, behin betiko hasiera eman zien sanmigelei, aurreko asteburuak  ere hainbat ekitaldi batu zituen arren. San Migel egunak ere ekarri zuen nobedaderik: neska eta mutil, batera irten ziren plazara, eguerdiko saioan; baita lehenengoz ere, gorporazioa atera zuten dantzara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!