Bidebarrieta kalera eroango dituzte Iurretako Gizarte Zerbitzuak

Anboto 2015ko ira. 23a, 13:26

Udal Gizarte Zerbitzuak lekuz aldatuko dituzte laster. Hartara, udalak Bidebarrieta kalean dituen bulegoetara jo beharko dute herritarrek Ibarretxe kultur etxera beharrean. Hala ere, lekuz aldatzeak ez du bestelako eraginik izango. Orain arte moduan, astelehen eta ostegunetan eskainiko dituzte Gizarte Zerbitzuak. Horrela jakin eragin dute udal arduradunek.


Lekualdaketa horrekin, Gizarte Zerbitzuak herritarrengandik hurbilago egotea du helburu  Iurretako Udalak. Zerbitzu horiek “eskuragarriago” egongo dira, eta bertara doazen pertsonentzat “diskretuagoa” ere izango da, ohar baten bitartez azaldu dutenez. Bidebarrietako udal bulegoetan  Udaltzaingoa, erregistroa eta Herritarrendako Arreta Zerbitzua daude momentu honetan.

Espazio berria sortuko dute
Gizarte Zerbitzuak bertora eroateko espazio berri bat sortuko dute. Gizarte langilearentzako bulego bat eta itxarongela bat egokituko dituzte. Horretarako, orain dagoen batzar-gela zatitu egingo dute.
Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, “gaur egun dauden bulegoak egokitu egingo dira iurretarren  beharrizanei erantzuteko, eta benetan uste dugu denontzat onuragarria izango dela. Zerbitzua hobetuko dela uste dugu”.  Horretarako, 7.586 euroko aurrekontua lotu du udalak. Lanak esleituta, hilabete barru egongo dira prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!