Iurretako San Migel jaiak 2015

Asier Otadui eta Antxoka Abasolo: "'Gora sanmigelak' esaten den une horrek ez dauka preziorik"

Anboto 2015ko ira. 28a, 09:15

21.aldiz, Otadui eta Abasolo Donien Atxa jasotzeko eskaileran egongo dira.

Antzerki hutsa da, ala benetan da gaitza Donien Atxa altxatzea? Galdera horri erantzuteko,  21 urtez enborrari eusten dabiltzan lagun bi batu dira solasaldira. Jaietako unerik onena dela diote Antxoka Abasolok (Iurreta, 1974) eta Asier Otaduik (Iurreta, 1973).

Zein izaten da zuen lana Donien Atxa igotzean?
Asier Otadui: Lehenengo, frontoira joaten gara, eta handik, Donien Atxa ekartzen dugu. Eskailerak eta hesiak plazara atera, eta enborrari adarrak eta azak lotzen dizkioten bitartean, tragotxo bana hartzen dugu [barrez].
Antxoka Abasolo: Gero, igoera hastean, plazara irten, eta atzeko partean kokatzen gara, eskailerari eusten, Donien Atxa jausi ez dadin.

Batzuek eskuekin eusten diote enborrari, beste batzuek sokekin, eta zuek eskaileragaz. Zergatik?
A.O.: Eskailera, igotzeko baino, eusteko eta segurtasunerako da.  Enborrak altuera hartzen duenean, eskailerak segurtasuna ematen dio.
A.A.: Bai. Indar apur bat egin behar da, baina bultzakadarik-eta ez. Eustea da kontua.

Zenbat urte daramatzazue eskaileran?
A.O.: Aurten 21 urte dira dagoeneko. Urte bitan, aurrean egon nintzen, dantzariekin, eta beste pare bat urtean soketan.
A.A.: Ni ere berdin. Gure aurretik nire aita egon zen eskaileran, eta beragaz hasi ginen. Talde bereko dantzariak ginen Asier eta biok.

Hainbeste urteko esperientziagaz, erraz-erraz altxatuko duzue, ezta?
A.O.: Nik uste dut urtero desberdina dela. Azkeneko momentuetan, urduritasuna agertzen da beti. Gainera, betiko jendetik aparte, gonbidatuak ere izaten ditugu. Bartzelonatik etorritako lagun batzuk egon ziren behin, adibidez. Zuloan sartu dela ikustean, txaloak jo, taketak sartu, eta lasaitu egiten gara. Ez nuke esango erraza denik.
A.A.: Orain urte batzuk asko kostatu zitzaigula akordatzen naiz. Ez dakit zergatik. Gutxiago izango ginen, beharbada. Ez zen artez ipintzen. Bestalde, enborra berria bada, gehiago pisatzen du, eta igarri egiten da. Asteburuan edo astegun batean izan, hor ere badago aldea, soketarako jende kopurua aldatu egiten da eta.

Baina jende askok esaten du erraz altxatzen duzuela, eta batzuetan antzerkia egiten duzuela...
A.O.: Hori urtero komentatzen du jendeak! Eta, brometan, jarraipena ematen diogu txisteari: hurrengo urtean eskuz altxatuko dugula eta abar [barrez].  Baina enborra batera edo bestera mugitzen hasten bada, edozer gerta daiteke. Gogoratu zer pasatu zen Traña-Matienan [Donien Atxa jausi egin zen orain urte gutxi].

Behetik inpresioa egiten du?
A.O.: Bai. Egiten du, jakina. Pentsa, plazako iturrian egoten gara lehenengo tiraldian.
A.A.: Bada, niri ez dit batere inpresiorik egiten. Ez dakit, akaso ohituta nagoelako edo. Plazako lekurik seguruena dela sentitzen dut han nagoenean; beti pentsatu izan dut, jausten bada, alde batera edo bestera jausiko dela, baina gure gainera ez.

Eta sentitzen al duzue emoziorik?
A.A.: Bai. Goizetik hasita.
A.O.: Gora sanmigelak! esaten den momentu horrek ez dauka preziorik!  Jaien hasiera da, eta urtebete itxaroten gauden gauza bat da.

Egun hori San Migel bezpera izaten da, eta eguerditik egoten da parranda. Alkoholemia kontrolik beharrezkoa al da Donien Atxa altxatzeko?
A.A.: Ez litzateke egin behar, debekatu egingo lukete eta [barrez].
A.O.: Batek baino gehiagok emango luke positibo, bai. Baina, egia esan, gero eta kontzienteago gara egoeraz. Lehenengo urteetan, plazara eskasago joaten ginela esango nuke. Orduan, Apillo-eta [Antxokaren aita] zeuden, eta gurea, gehiago zen plantak egitea [barrez].

Jaietako momenturik onenetako bat al da zuentzat?
A.O.: Niretzako bai. Dudarik barik.
A.A.: Onena. Kontuan hartu behar da herriko jaietan egunero daudela gauza onak, Mozorro Eguna adibidez, baina onena da, bai. Donien Atxa altxatzeko eguna jaien hasiera da, eta zuzenean parte hartzen dugu.
A.A.: Nire gusturako, bezperakoa eta Mozorro Eguna izaten dira onenak. Beste egunetan, San Migel eta Errosario egunetan, makalik ibiltzen gara; gorputza indarberritzeko behar izaten ditugu egun horiek. Suposatzen dut egunen batean gehiago aprobetxatuko ditugula!

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!