Bakoitzak beretik hainbat kantu eskainiko ditu, eta, bukatzeko, elkarrekin arituko dira. Sorpresaren bat ere gorde dute, Mikel Markezek azaldutakoaren arabera. “Ez da berria kantaldiak elkarregaz ematea. Gure herrian oso sustraituta egon dira holakoak. Hor dago Ez Dok Amairu. Gainera, publikoarentzat oso aberasgarria eta interesgarria da elkarri eragite hori”.
“Lanik baikorrena”
Indar bat dabil hor diskoagaz “ahalik eta lanik baikorrena” egiten saiatu da Mikel Markez, “jakinik ez direla garairik onenak, maila askotan”. Dioenez, “halako egoerei aurre egiteko, bide bi ditugu: negarrez, edo aurrera eginez, hortzak estututa. Diskoari izena ematen dion bertsoak, Xabier Amurizarenak, oso ondo definitzen du diskoaren muina: garai onak bizi ez arren, bada hor indar bat, zutik, bizirik eusten laguntzen diguna. Herri bat bizirik mantentzea lortzen duen indar bat”.
Uxue Alberdiren bertso-sorta ere nabarmendu du. ‘Konplize ditut’ abestiak emakumeen arteko konplizitatea du hizpide.