Iurretako San Migel jaiak 2015

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta elkarregaz arituko dira oholtzan, barikuan

Anboto 2015ko ira. 24a, 10:00

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta, biak elkarrekin entzuteko aukera eskainiko dute sanmigelek. Mikel Markezek Indar bat dabil hor azken diskoa aurkeztuko du; urteetako ibilbidean esanguratsuak izan diren abestiak ahaztu gabe. Eñaut Elorrietak, berriz, bakarkako lehenengo lana izan duen  Deserriko kantak diskoan jasotakoak abestuko ditu. Bihar, irailak 25, izango da kontzertua, frontoian, 22:30ean.

Bakoitzak beretik hainbat kantu eskainiko ditu, eta, bukatzeko, elkarrekin arituko dira. Sorpresaren bat ere gorde dute, Mikel Markezek azaldutakoaren arabera. “Ez da berria kantaldiak elkarregaz ematea. Gure herrian oso sustraituta egon dira holakoak. Hor dago Ez Dok Amairu. Gainera, publikoarentzat oso aberasgarria eta interesgarria da elkarri eragite hori”. 

“Lanik baikorrena”
Indar bat dabil hor diskoagaz “ahalik eta lanik baikorrena” egiten saiatu da Mikel Markez, “jakinik ez direla garairik onenak, maila askotan”. Dioenez, “halako egoerei aurre egiteko, bide bi ditugu: negarrez, edo aurrera eginez, hortzak estututa.  Diskoari izena ematen dion bertsoak, Xabier Amurizarenak,  oso ondo definitzen du diskoaren muina: garai onak bizi ez arren, bada hor indar bat, zutik, bizirik eusten laguntzen diguna. Herri bat bizirik mantentzea lortzen duen indar bat”.  

Uxue Alberdiren bertso-sorta ere nabarmendu du. ‘Konplize ditut’ abestiak emakumeen arteko konplizitatea du hizpide.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!