Iurretako San Migel jaiak 2015

Kanpandorretik berritzen hasi zen elizaren istorioak entzungai

Anboto 2015ko ira. 22a, 10:00

Irailaren 26an -gaztelaniaz- eta 27an -euskaraz- izango dira bisita gidatuak. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Azken mendeetan, garai bakoitzari zegokion eliza egon da Iurretako eliza dagoen tokian. Ia mila urte izango dira bertan eliza bat dagoenetik, baina, ezagutzen duguna, duela 200 urte amaitu zuten eraikitzen. Jon Irazabal historialari eta Gerediaga elkarteko kideak elizaren  inguruko historia azaltzen duen argitalpena osotu du, eta gaur, martitzena, egingo du aurkezpena, elizako kaperan, 19:00etan..

Aurkezpen horrez gain, irailaren 26an eta 27an, bisita gidatuak egingo dituzte, Jon Arroitaren eskutik. Euskarazkoa 27an izango da, 11:00etan, eta gaztelaniaz, 26an 18:00etan egingo dute.

Kanpandorrea, ‘udaletxe’
Jon Irazabalen berbetan, “eliza eta bere ingurua toki bizia izan dira mendeetan”. Iurretan elizako ataria bizitza sozial eta politikoaren gune nagusia izan zen. “Horiexek dira Bizkaiko gure lehen parlamentuak”. Elizako atean biltzen ziren udal ordezkariak –hortik elizate izena–, eta, Iurretan, baita kanpandorrean ere. Kanpandorreko lehen solairuan zegoen gela batean batzartzen ziren Iurretako alkate eta zinegotziak.  Irazabalek azaldu duenez, “ia beti hondatuta egoten zen eraikuntza kaskarra”. Horrela bada, kanpandorrea berritzeko erabakia hartu zuten, 1705ean.

Obrak egiteko erabakia hartu, bai, hartu zuten, baina lanak 1752an hasi zituzten. Bitarte horretan, udal arduradunek ezin izan zuten kanpandorrean batzarrak egiten jarraitu, eta 1748an, udaletxe bat eraiki zuten eliza aurreko plazan. Geroago, eraikin hori eskola izan zen, eta, gaur egun, horrela ezagutzen dute iurretarrek: eskola zaharra.

Dorre berria, eliza zaharra
Gaur egungo kanpandorrea 1782an amaitu zuten, eta, garai hartan, Iurreta herri txikian, dorre “ausarta” izan zela dio Jon Irazabalek; “baina eraikuntza eder haren ondoan, jausi beharrean zegoen eliza”. Hurrengo urteetan, panorama horretan iraun zuen Iurretako elizak; kanpandorre berria, dotore-dotorea, eta, ondoan, eraikin zahar txikia. Horrelako batean, 1793an, gotzainak Iurreta bisitatu, eta eliza horrela ikusirik, egoera onartezina zela esan zuen. Eliza haren egoera, baina, ezin zen konponketa arin batzuekin hobetu, eta berri bat eraiki behar zela erabaki zuten, 1799an.

Zaharraren gainetik eraikia
Eliza berria zaharra baino handiagoa izango zenez, zaharra bota barik hasi ziren eraikuntza lanak. Sasoi hartako arkitekto handienetako batek izan zuen obraren ardura: Alejo de Mirandak. Eraikuntza nagusia 1809an amaitu zuten, baina apaindurak falta ziren. Azkenean, 1815erako egin zituzten lan guztiak. Urte hartan, San Migel egunean bedeinkatu zuten Iurretako San Migel Goiangeruaren eliza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!