Zerbitzua hobetu guran, Kzgunera lekualdatuko dute Iurretako ludoteka

Anboto 2015eko irailaren 22a

Ludotekak kokapen berria izango du epe laburrean. Ibarretxe kultur etxean egoten jarraituko duen arren, Kzgunera lekualdatuko dute. Zerbitzu hobea eskaini guran hartu dute erabakia. Horrela azaldu dute udal arduradunek. Espazioa egokitzeko eta argi gehiago emateko lanak egingo dituzte Kzgunean, ume gehiago egoteko aukera emanez. Umeak jarduteko “leku handiagoa eta hobea” eman guran erabaki du lekualdatzea Iurretako Udalak.


Frontoian berrizte lanak
Bestalde, Olaburu frontoiko berrizte lanak ere amaitzear daude. Aldagelak berriztu gura izan dituzte, eta irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa lortu. Uztailean hasitako lanotarako, 48.786 euroko aurrekontua izan dute. Barruko tabikeak bota dituzte aldagelak handitzeko, eta, dutxak eta komunak bereizteko, panel fenolikoak jarriko dituzte.  

Aluminiozko egitura duten altzariak jarri dituzte, eta panel fenolikoak ipiniko dituzte, jarleku moduan. Aireztatze sistema berriztu, eta termoelektrikoaren edukiera handitu dute. Ur zikinen ebakuazioa eta lokalaren isolamendua ere hobetu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!