Denak taldean joateko, eta denentzat egokia izan daitekeen ibilbidea prestatzea izan dela asmoa azaldu du Erlantz Zaldunbide Zaldaiko kideak. Ibilbide hau jende askorentzat sorpresa izan daitekeela uste dute antolatzaileek. Neberondo ondotik eta Aramotzetik Mugarra inguratuko dute, eta zati batzuk teknikoagoak direnez, mendizale askok agian ez dituztela ezagutuko uste dute Zaldaikoek. Hornidura puntuei dagokienez, Irunganen jarriko dute lehenengoa, eta Marmol inguruan bigarrena. Era berean, bukaeran luntxa jarriko dute parte-hartzaile denentzat. Antolatzaileek aurreratu dutenez, frontoiko dutxak erabilgarri izango dira. Parte-hartzaileek eta antolakuntzan jardungo dutenek opariak jasoko dituzte: oinetakoak gordetzeko poltsa bat eta ekoizpen naturaleko garagardoa, esaterako. Gainera, garagardo botila berezia izango da. Zaldairen logoa eta Mugarraren marrazkia izango du botilak.
300dik gora parte-hartzaile
Iaz, 300 parte-hartzailetik gora batu ziren Zaldairen mendi martxan. Aurten ere, parte-hartzeari eustea itxaroten dute. Izan ere, Durangaldetik kanpoko mendizaleek ere gogoko izaten dute Iurretako mendi martxara etortzea. Euskal Herri osoko hainbat mendizalek agendan apuntatuta izaten dute Iurretako jaiekin bat eginez irailaren hirugarren asteburuko hitzordua. Mendizaleez gainera, Zaldaik 25 boluntario izango ditu lanean mendi martxa antolatzeko.
Izen-ematea frontoian
Iurretako frontoiko ateak goizeko 08:00etan zabalduko dituzte, bihar. Izena emateko aukeraz gainera, parte-hartzaileei gosaria eskainiko diete. Mendi martxa abiatzeko ordua 09:00etan izango da.