Monumentua inauguratu dute El Salvadorren Bego Sopelanaren oroimenez

Anboto 2015ko ira. 17a, 09:54

Bego Sopelanaren oroitzapenak bizirik dirau Las Vueltas (El Salvador) herrian. Gerra sasoian heldu zen Begoña Sopelana El Salvadorrera,  1987an. Gerraoste gogorrean Las Vueltas herria hutsetik eraikitzeari ekin zion Sopelanak bertako herritarrekin batera. Iurretarrak sei urte eman zituen Las Vueltasen. Denbora horretan Begoñak ereindako haziak fruituak ematen jarritzen duela gogorazi du Rosa Cándida Alas de Menjívar Las Vueltas herriko alkateak Iurretara egindako bisitan.

Begoña SopelanaSopelana familiarekin batera, Begoñak herritarren jabekuntzan egindako ahalegina gogora ekarri du alkateak. “Sasoi hartan Begok idazten eta irakurtzen irakatsi zien gazteak gaur egun irakasleak dira. Beraz, Begok irakatsitakoari jarraipena ematen ari dira. Era berean, Begok emakumeen jabekuntza eta lan komunitarioa bultzatu zituen”.

Memoria berreskuratuz
Ekoturismo arloan proiektu komunitarioa jarri dute martxan Las Vueltasen. Testuinguru horretan, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean dihardute. “Belaunaldi berriei Bego Sopelana eta Pakito Arriaran nortzuk ziren azaldu gura diegu, beraien oroitzapenari bizirik eusteko”, dio alkateak. Egitasmo horren barruan, monumentua inauguratu dute. Gerran hildako herritarren izenak gogora ekartzeaz gainera, Sopelanaren eta Arriaranen  bustoak  jarri dituzte.

Inaugurazioan jende ugarik parte hartu zuen maiatzaren 13an. Ekitaldi berezia izan zen, Sumpul errekaren ondoan gertatutako sarraskiaren urteurrena  gogora ekarri genuen eta. 1980an Honduraseko mugan gerratik ihesi zihoazen 600 errefuxiatu hil zituzten bertan indar armatuek.

Iurretara bidaia
Begoren familiak emozioz bizi izan du Las Vueltasetik etorritakoen bisita. “Herritarren esker ona adierazten zuen bideoa erakutsi ziguten, eta poztasunez bete gintuen”, azaldu du Goiuri Sopelana Begoñaren ilobak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!