Iurretako San Migel jaiak 2015

Iaz baino 30 ekitaldi gehiago, San Migel jaietarako

Anboto 2015ko ira. 15a, 17:00

Jai Batzordearen, Anderebide eta Heki elkarteen ordezkariek, eta Zorione Fundazuri zinegotziak eta Ebentxe Madina kartel lehiaketako irabazleak parte hartu dute Iurretako San Migel jaien aurkezpenean, gaur eguerdian. Irailaren 18tik urriaren 4ra arteko egitaraua aurkeztu dute.

Azken urteetako aurrekontu beragaz, denera, 34.000 euro ingurugaz, "inoizko ekitaldi kopuru handiena; iaz baino 30 ekitaldi gehiago" antolatu dituztela azpimarratu du Liher Aiartzaguena Jai Batzordeko kideak, Iurretako plazan egin duten aurkezpenean.

Bariku honetakoak dira jai egitarauko lehenengo hitzorduak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Txo Mikmak txikia ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan, Olaburu frontoian. Jarraian, Rio de Oro elkartea laguntzeko dirua biltzeko, 20:00etan, Shabam ikastaroa egingo dute. Hurrengo egunean, irailaren 19an, Iurretako VI. Mendi martxa egingo dute, Aramotz mendilerroan zehar.

Karpa Askondon

Jaietako hainbat ekitaldi herrigunean burutu eta jai giroa bultzatu asmoz, hainbat ekitaldi Askondon ipiniko duten karpan egingo dituzte, aurten, lehenengoz. Mozorro eguneko bazkaria, Gazte Asanbladak antolaturiko tortila txapelketa, zein umeentzako tailerrak, esaterako, Askondoko karpan egingo dituzte.

Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, barikuan barik, zapatuan egingo dute, aurten, Mozorro eguna: urriaren 3an, hain zuzen. Bezperarako, urriaren 2rako, bestalde, Durangaldeko rock taldeen kontzertua antolatu dute. Kohatu, Saliva, Baghdad eta Ganorabakuek taldeek joko dute egun horretan.

Musika eskaintzari dagokionez, beste bi kontzertu ere azpimarratu dituzte Jai Batzordeko kideek, prentsaurrekoan; irailaren 25ean Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak eskainiko dutena, batetik, eta, Arkada Social, Sermond's, eta Niña Coyote eta Chico Tornadok irailaren 26an eskainiko dutena, bestetik.

Urtero iurretar asko biltzen dituzten "jaietako egitarauko ekitaldi printzipalak, klasikoak", ez dira faltako. Plaza bete-betea egoten da, esaterako, Donien-Atxa ipintzeko unean. Aurten, astelehenez ipiniko dute: irailaren 28an, 18:00etan. Urriaren 3ko bertso-saioa eta Luhartzen osteko emanaldia dira klasiko horietako beste bi.

San Migel zain

Ebentxe Madina Elorrioko diseinatzaile grafikoa da 2015. urteko Iurretako San Migel jaiak iragartzen dituen kartelaren egilea. San Migel zain izenburua du kartelak, eta dantzarien jantziak dira irudian agertzen direnak: urtez urte, jaiak noiz ailegatuko, irrikaz, zain, egoten diren iurretarrek janzten dituzten dantzari jantziak.

 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!