Belakortu zerrategia eraisteko lanak hasi dituzte

Anboto 2015ko uzt. 2a, 13:04

Atzo hasi zituzten amiantoa kentzeko lanak, Belakortu zerrategian. Gaur eta bihar amianto guztia kentzea aurreikusi dute, eta datorren astean zerrategiko lau eraikinak eraistea. Erasipen lanak 10-15 egunean amaituko direlakoan daude udal arduradunek. Derribos Petralanda enpresa arduratuko da eraiste lanotaz, 60.000 euroko aurrekontuagaz. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, abenduan eman zituzten 60-70 urtean berton egon den zerrategia botatzeko lanak.

Belakortu zerrategiak Goiuriara eroan du bere jarduna, lehen Comercial UME zegoen tokira lekualdatu dute zerrategia. Aste Santu ondoren hasi ziren lekualdaketagaz eta ekainean instalazio zaharrak husteko beharrezko tramiteak gauzatu dituzte. "Jarduna eten gabe egin dute lekualdatzea, horrek eragindako zailtasunekin. Hala ere, guretzat oso garrantzitsua izan da zerrategiak bere jarduna herrian bertan mantendu ahal izatea".

Belakortu zerrategia bota ondoren geratuko den 64.000 metro koadroko orubean 64 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita. 2001ean onartutako Arau Subsidiarioek bizitegi-gunerako lurzoru moduan jasotzen dute inguru hori. Hala ere, "egoera ekonomikoa igotzen" denean garatuko dute inguru guztia, Totorikaguenak gogoratu duen moduan. Dena den, dagozkion hirigintza-tresnak erabiliz pausoak ematen joateari garrantzitsua deritzo alkateak, "egoeraren arabera egitasmoak garatu ahal izateko".

Kalitate agiria

Lurraren erabilera berriari begira lurzoruaren kalitate agiria lortzeko pausoak eman beharko dituzte orain. Fundigelek utzitako orubeak ere agiari hori du lortzeko oraindik. "Industri jarduera jasan duen edozein lurzoruk behar du agiri hori, kutxatuta ez dagoela ziurtatzeko", gogoratu du Angel Basabe udal arkitektuak.

Herrigunean zeuden industria jarduera guztiak kalera atera ditu Iurretak. Fundigelen ostean, Salaberria enpresa ere lekualdatu zuten Arriandi industrigunera. Hori eraisteko tramiteetan dihardue; geratuko den orubean 82 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita. Belakortu zerrategia izan da azkena herrigunetik ateratzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!