Hile birik behin egingo dituzte Iurretako udalbatzaren ohiko bilkurak

Anboto 2015ko eka. 22a, 11:59

Hilero beharrean bi hilerik behin egingo dituzte udalbatzaren ohiko bilkurak hasi berri den legealdian. Erabateko dedikazioa mantenduko du Iñaki Totorikaguena alkateak eta bost udal batzorde eratuko dira; bakoitzean sei kide egongo dira.

Hirigintza eta Ingurumena; Jaurpidetza; Ogasuna; Kultura, Euskara eta Kirola; eta, Gizarte Ongizatea. Horiek izango dira legealdi honetarako eratuko diren bost batzordeak. Udalbatzaren proportzionaltasunari begira bakoitzean zazpi zinegotzi egon beharko lirateke, hala ere, sei ordezkari batzea onartu dute, gaur, osoko bilkuran. EAJk hiru ordezkari izango ditu, bi EHBIlduk eta bat PSE-EEk.

 

Udalbatzean moduan, EAJ gehiengoa mantendu ahal izateko udal batzordeetan lau ordezkari izango lituzke. "Hala ere, larregizkoa deritzogu. Udalbatza txiki bat litzateke eta kide bateri uko egin diogu; gainera, ordezkari bat gehiago izateak gastu bat suposatzen du", azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Ahobatez onartu dute.

 

Osoko bilkura, hile birik behin

Azken lau urteotan hilero egin du udalbatzak osoko bilkura, Iurretan. Hemendik aurrera, berriz, bi hilerik behin egingo du. Hilaren azken eguaztenean egingo dute, 19:00etan. Iurreta lako udalerriak behintzat hiru hilerik behin egitera daude behartuta. "Hilero ohiko bilkura egiteko nahikoa gairik ez dagoelako egingo dugu horrela", azaldu du Totorikaguenak. EHBilduk dituen lau ordezkarietatik bik eman dute kontra botua eta gainerako zinegotziek alde egin dute.

Bestalde, alkatearen erabateko dedikazioa onartu dute, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Bildu abstenitu egin da. Alkateorde izango dira, bestalde, Oskar Koka, Zorione Fundazuri eta Itxaso Garamendi.

Durango Merindadeko Amankomunazgorako  udalbatzako ordezkariak honako hauek izango dira: Iñaki Totorikaguena (EAJ), Julian Gorospe (EAJ) eta Eskarne Jaio (EHBildu). Abstenitu egin da PSE-EE eta alde agertu dira EAJ eta EHBildu.

Kontratazio Mahaiaren eraketa eta osaketa ere onartu dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!