Tokiko komertzioak sustatzeko kanpaina ipini dute martxan

Anboto 2015ko eka. 10a, 10:31
Udaletxean egin dute agerraldia Dendak Bai elkarteko kideek eta Iñaki Totorikaguena jarduneko alkateak

Herriko dendetan erosiz zuk irabazten duzu, Iurretak irabazten du kanpaina abiatu dute udalak eta Dendak Bai merkatari elkarteak. Hilero 100 euroko opari txartela egingo dute zotz kanpainarekin bat egin duten komertzioetan erosketak egin dituzten herritarren artean.

Helburuekin bat egin dute Dendak Bai eta Iurretako Udalak interesgarri jo dute kanpaina abiatzeko. Dendak Bai-ko Araceli Guerrerok nabarmendu duenez, "merkatariek gu ezagutzeko eta iurretarrei herrian bertan erostearen onurak" azaltzeko balioko du kanpainak. Ildo berean, Iñaki Totorikaguena jarduneko alkateak gogoratu du herrigunea dinamizatze aldera antolatutako kanpaina dela: "Herriguneko saltokietan kontsumoa igotzeko ekimenak sustatu gura ditugu eta horri lagunduko dio baita trafikoa arautzeko ordenantza berriak ere. Gune urdinean 50 aparkaleku daude doan bezero potentzial izan daitezkeen auzoetako iurretar horiek ere erakartzeko; beste herrietara joan ez daitezen". Aparkaleku hori aprobetxatzeak duen garrantzia nabarmendu du Dendak Bai elkarteko presidente Guillermo Oarbeaskoak ere bai.

Kanpaina harrera ona izan du herriko merkatarien artean. Iurretan dauden 35 komertzioetatik 22k egin dute bat urte bukaera arte iraungo duen kanpainagaz. Denboran aurrera egin ahala gainerako merkatariek ere kanpainagaz bat egitea espero dute sustatzaileek. 

Komertzio bakoitzean kutxa bat utzi dute eta kanpainaren berri informazioa emanez diptikoa banatu dute. Herrian bertan kontsumitzearen onurak azaltzen dira bertan; baita gida komertzial txiki bat ere. Hilero egingo den zozketaren oinarriak ere azaldu dituzte eskuorri horretan. Aipatu bezala hilero 100 euroko opari txartela zotz egingo dute (abuztuan eta abenduan ez). Horretarako dendan bertan dagoen kutxan sartu behar da erosketa tiketa izen-abizenak eta telefonoa jarrita. Hil bakoitzeko azken barikuan egingo da zozketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!