Sukaldaritza tailerra, ume eta gazteentzako kultur astean

Anboto 2015eko maiatzaren 28a

Prest dute dagoeneko Iurretako ume eta gazteentzako kultur astea. Ekainaren 22tik 26ra izango diren jarduerek sukaldaritza tailerra ere batuko dute aurten. Hori da nobedadea 4 urtetik 14 urterako gaztetxoei zuzendutako eskaintzan: akrobazia, txiki-txef eta arte eszeniko tailerrak eskainiko dituzte. Ibarretxe kultur etxean edo kultur-etxea@iurreta.net helbide elektronikoaren bidez eman ahal da izena, ekainaren 5era arte.

Edonor sartu daiteke kultur etxean egokitutako ludotekan eta kanpoko terrazan. Egunero, 10:00etatik 13:00era jokoak –monopolia eta puzzleak, adibidez– eta irakuketa materiala –egunkariak, liburuak eta aldizkariak, esaterako– jarriko dituzte eskura. Txikienentzat ere egokituko dute gunea, eta nagusi batek lagunduta egongo dira.

Elkarteekin batera
Euskararen erabilera, birziklapena eta inguruarekiko errespetua sustatu gura dituzte aisialdian. Anderebide, Gertasport, Kimuak, L’atelier eta Ortzadar taldeen laguntza izan dute kultur etxea artearen, sukaldaritzaren eta kirolaren erakustoki bihurtzeko. Eguraldiak lagunduz gero, terraza eta jokoen mailegua uztailean ere mantenduko dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!