Geu Be elkarteak ezgaitasunera hurbiltzeko gonbita luzatu du

Anboto 2015ko mai. 26a, 14:00
Antolakuntzan lagundutako guztiei eskerrak eman dizkie Geu Ben elkarteko kide Alex Villanueva, Saioa Ortiz eta Jon Guerrerok.

Durangaldeko Ezgaitasun Egunak hainbat ekintza batuko ditu maiatzaren 30ean Iurretan. Geu Be elkarteko kideek hainbat elkarteren laguntzagaz osatutako egitaraua aurkeztu dute, gaur, udaletxean. Jakin eragin dute baita Caixa Fundazioaren eskutik 19.200 euroko ekarpen ekonomikoa ere jasoko dutela.

Durangaldeko Ezgaitasun Eguna antolatu dute zapaturako aniztasun funtzionalaren inguruan lanean ari diren hainbat elkartek (Geu Be, ONCE, Rio de Oro eta ASEBI elkartea) Iurretako Udalagaz batera. 9. aldia duten honetan Mikel Deuna dantza taldea, Kimuak aisialdi elkartea, Inurri eskaut taldea, Gurutze Gorria, bertso eskola eta HEKI herri kirolen taldea ere izan dituzte bidelagun. 

Hainbat ikuspuntutik ezgaitasunera hurbiltzeko aukera emanez egitarau anitza prestatu dute. Izan ere, oso garrantzitsua deritzoe "heziketa eta sentsibilizazioan lan egitea mundu hobeagoa lortzeko". Geu Bekoen berbetan, "ez gaitasuna duten pertsonak ez dira hitz teknikoak soilik (Down, autismoa...) izen-abizenak dituzte besteok lez; pertsona normal moduan ikusten ikastean ez dira horren desberdinak". Orain arteko harrera ona azpimarratu dute Geu Be elkartekoek eta parte hartzeko gonbita luzatu. Jarduneko alkate Iñaki Totorikaguenak egindako lana goratu dueta pozik azaldu da, aurten, Durangaldeko Ezgaitasun Eguna Iurretan ospatuko delako: "Udal moduan eta pertsona moduan ere laguntzen saiatzen gara beti. Egiten dutena garrantzitsua da-eta bai eurontzat bai guretzat ere".

Jolasak, tailerrak, egokitutako zirkuituak, ginkana, dantza eta magia erakustaldiak, paella jana, erromeria eta bertso poteoa antolatu dituzte, besteak beste. Horrela jakin eragin dute Alex Villanueva, Saioa Ortiz eta Jon Guerrerok, Geu Be elkarteko kideak hirurak. Egitaraua osatzeko izan duten laguntza ere eskertu gura izan dute.

Caixa Fundazioaren eskutik diru-ekarpena

Bestalde, Geu Be elkartearen Adimen Aniztasuna duten Pertsonentzako Aisialdi Inklusiboa proietua lagunduko du Caixa Fundazioak 19.200  eurogaz. Horrela jakin eragin dute Geu Be elkarteko arduradunek. Azaldu dutenez, "honelako proiektu bat aurrera ateratzeko beharrezkoa da guztien kolaborazioa, instituzio publikoena, bolondresena, hainbat arlotako elkarte kolaboratzaileena... eta nola ez elkarteko kide guztion etengabeko lana". Gaineratu dutenez, "guztion laguntzagaz urtero puzzle bat osatzen dugu, eta, aurten, Caixaren Gizarte Ekintzaren laguntzak gure egitasmoa lasaitasun ekonomikoz garatzeko aukera emango digu, gaur egun ez dela gutxi".

 

 

Egitaraua

11:00etan, txikienentzat tailer eta jolasak Askondon: zirkuito egokituak (gurpildun aulkiak, itsuendako, herri kirolak).

13:00ean, Mikel Deuna dantza taldearen saioa.

13:30ean, magoa.

14:00etan, herri bazkaria: paella (txartelak 6 euroan, Iurretan). Postre lehiaketa (arauak: geube.kzcomunidades.net /facebook-en).

16:00etan, erromeria: Lotxo taldea.

19:00etan, bertso poteoa.

21:00: Errege Kopako Finala

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!