Arriaundi enpresan jazarpen sindikala salatu du LAB sindikatuak

Anboto 2015ko mai. 8a, 13:54
Durangaldeko LAB sindikatuko ordezkariek egin dute elkarretaratzea Arriaundi aurrean, gaur

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Arriaundi enpresaren aurrean langileek jasandako "prekarietatea" eta "jazarpen sindikala" salatzeko. Enpresaren zuzendaritzak "maltzurkeriaz" jokatuz langileak "mehatxatu" eta "iraindu " dituztela salatu du LABeko ordezkari den Alfontso Arangurenek. Sei langile kaleratu dituzte okindegian eta gozotegian; bost dira LABeko afiliatuak eta bat UGT sindikatuko ordezkaria.

Enpresako zuzendaritzak ez du langileekin batzartu gura, Arangurenek azaldu duenez: "Ez dutela ezer esateko erantzun deuskue, esan beharrekoa epaitegian esango dutela". 

ELA eta CCOO sindikatuek soldaten beherapena onartu dute okindegian, Arangurenek azaldu duenez, eta, LAB erabaki horren kontra agertu da. Aurkeztutako alternatibak ere ez dituztela onartu gaineratu dute. "Arriaundin prekarietatea areagotzen den einean, delegatuak beste onuren bat ateratzen dute. Enpresa nahi duena egitera ohituta dago, baina, beti irainekin, mehatxuaz eta inposaketaz baliatuz", nabarmendu du LABek helarazitako ohar baten. 

LABek langileen eskubideen alde jarraituko duela azpimarratu du: "Ez dugu eskubide urraketarik onartuko, ez dugu enplegu suntsiketarik onartuko eta edozein jazarpen sindikal salatuko dugu".

 

Arriaundi enpresan 30 bat langilek dihardue orain lanean. Eta kaleratze gehiagoren zurrumurruak zabaldu dira langileen artean, "LABeko afiliatuen izenak mahai gainean jarriz". ELA eta CCOOko delegatuen jarrera salatu Arangurenek:"lotsagarria eta onartezina da ELAko delegatuak langile bati emandako erantzuna: "Zeozer egingo zenuen"".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!