Eneko Barroeta: "Oso gogorra izan da, baina esperientzia benetan polita"

Anboto 2015ko mai. 7a, 09:27

Marokoko basamortuan bizitako abenturatik heldu berri egin dugu hitzordua Eneko Barroetagaz. Titan Desert by Garmin muturreko bizikleta proba egin du iurretarrak, Lea-Artibaiko eta Mendaroko bost lagunekin. Basamortura Eskuzabal ekimen solidarioaren barruan bizitakoez egin dugu berba.

Helburuak beteta bueltatu zarete.  
Bai. Medikamentuetan 6.000 eurotik gora eta hiru metro kubiko arropa eraman ditugu, eta, bizikleta proba egitea lortu dugu.

Amatxorbe elkartearen bitartez bideratu duzue laguntza.
Bai. Berriatuko Jose Luis Basterretxeak urtero bidaltzen du bertara arropa, eta ekimen horregaz bat egin dugu. Bizikleta probagaz hasi aurretik utzi genuen guztia Montpellier kongregazioko mojen esku. Ekintza solidarioa eta kirola uztartzen ditugu Amatxorbe elkartean.

Zelakoa da bizikleta proba?
Oso gogorra izan da, baina ondo irten zaigu. Egunero 100 kilometrotik gora egin ditugu, inguru menditsuan hasi eta basamortuan bukatuz. Proba luze egin zaigu zati batean, eta, lehen etapan, gutako bat gaixotu ere egin zen. Sei etapa dira: lehenengo laurak balizatuta daude, eta, bosgarrenean, GPS koordenatuak daude, baina ez ditugu eduki dunetan zehar bidea egiteko. Gogorra izan da; hareatzan jaustea ez da eta samurra. Azken bi etapak basamortuan egin ditugu. Azkena izan zen laburrena: 65 kilometro.  

Errazena ere bai?
Bai, baina oso gogor egiten da, oso luze: paisaia edo irudi berbera duzu aurrean denbora luzean. Abiadura ere ez da errepidean besteko arina. Egunerokotasunak eta bertako orografiak ez dute laguntzen.

Gogorra izan da esperientzia?
Oso gogorra, baina benetan polita. Asko gustatu zait. Profesionalekin egin dugu egunerokoa; lasterketa giroa dago, gu geu bezala joan direnekin ere egon  gara...

Apirilaren 27tik maiatzaren 2ra  izan da lasterketa.
25ean ailegatu ginen. Aurreko bi egunak opor egunak izan ziren. Hala ere, proba bukatu ostean behar genituen bi egunok!

Errepikatzeko moduan?
Bai, baina lehiatzera joango nintzateke. Nahiko ondo ikusi dut neure burua. Denok ekimen solidario baten barruan joan gara oraingoan, horretara egokituta.

2010eko Panda Raid auto proba solidarioagaz alde handia igarri duzu?
Orduan ere egin genituen hamalau ordu autoan. Baina arazoak bestelakoak ziren. Bizikletan, esaterako, oso mingarriak diren ipurdiko zauriak ohikoak dira, horrelakoak asko zaindu behar dira egunero. Panda Raiden autoa zaindu behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!