Lanpostuen balorazioa ez denez onartu, aurrekontuen eztabaida atzeratzea erabaki dute

Anboto 2015ko api. 27a, 08:56

Iurretako Udalak 2015eko aurrekontuak gaur goizeko udalbatzarrean eztabaidatzea aurreikusita zuen. Udaleko lanpostuen balorazioaren eztabaidak ordea, aurrekontuen gaia atzeratzea eragin du. Izan ere, lanpostuen balorazioa ez da aurrera irten oposizio guztia (Bildu, PSE-EE eta PP) kontra izan duelako, eta puntu honek zuzenean eragiten duelako aurrekontuetan.

Lanpostuen balorazioak eztabaida piztu du udalbatzarrean. Zorion Agirrezabal Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "gu hasieratik kritikoak izan gara lanpostuen balorazio honekin. Udalak zein zerbitzu eskaini gura dituen erabaki beharko genuke lehenengo, eta gero, horren arabera plantilla definitu. Balorazio honek ez ditu lan-karga  eta lan-banaketa arazoak konpontzen ". Gaineratu duenez, "beharrezkoak ez diren lanpostuak ipini eta kendu dira". Lan-baldintza "duinen" alde egon arren, soldaten inguruan %20ra arteko igoerak aurreikustea ere kritikatu du Bilduko ordezkariak: "Kaleko errealitatetik urrun dago hori".

Maria Angeles Muñoz PSE-EEko zinegotziak berriz, lanpostuen balorazioa egiteko sortutako batzordearen funtzionamenduagaz ez dagoela konforme azaldu du. "Arineketan egin dugun balorazioa izan da. Gainera, batzorde horretan sindikatuak besteok baino protagonismo handiagoa izan duela esango nuke". Zinegotzi sozialistak udalbatzarrean esan duenez, lanpostuen balorazioa bere alderdiaren aholkularitza juridikoaren esku utzi du.

Iñaki Totorikagunea Iurretako alkateak entzuten ari zena "harriduraz" hartu duela aitortu du. Udalak onartutako lan-hitzarmena denok onartu genuen, eta bertan lanpostuen balorazioena zetorren. Batzordean denok parte hartu duzue. Batzorde paritarioa izan da. Beraz, udalbatzar honetan adostutakoa egin dugu. Gainera ezin da esan arineketan ibili garenik, zortzi hilabetez jardun baitugu".

Nacho Toca PPk zinegotziak kontrako botoa emango zuela aurreratu du bera ez delako batzordean egon. Era berean, lanpostuen balorazioa hauteskunde ostean sortuko den udalbatzaren esku uztea proposatu du.

Bilduren, PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin eta EAJren aldekoekin, lanpostuen balorazio proposamena ez da aurrera irten. Hurrengo puntua 2015eko aurrekontuak ziren, baina lanpostuen balorazioa ez denez onartu, aurrekontuen eztabaida bertan behera uztea proposatu du Totorikaguena alkateak puntu hori berriz egokitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!