Arriaundi gozotegian sei langile kaleratu dituzte

Anboto 2015ko api. 22a, 13:17
Gaur eguerdian LABek egin duen ekarretaratzea.

Sei langileetatik bost LABen afiliatutako langileak dira, eta seigarrena, UGTkoa. LAB sindikatuaren ustez, sindikatukoak izateagatik kaleratu dituzte beharginak. Produkzio eta antolakuntza kontuak argudiatu ditu zuzendaritzak eta Whatsapp bidez jakinarazi diete kaleratuak izan direla.

"Langileen eskubideak defenditzen dituztenek traba egiten die zuzendaritzari", hori da LABen ikuspegia: "Argi daukagu LABekoak izateagatik kaleratu dituztela bost langileak". Kaleratutako beharginek barikuan jaso zuten abisua mugikorreko Whatssap aplikazioaren bidez. Erabaki horren atzean, arinago egondako kaleratzeen arrazoiketa bera dagoela salatu du LABeko Fontso Arangurenek: "txostean bera da, orriz orri". Enpresaren antolakuntzagaz zerikusia duten argudioak ematen ditu, baina txostenak ez ditu konbentzitu.

Arangurenek "sindikatuari egindako jazarpena" ikusten du erabakiaren atzean. Nabarmendu duenez, azken urteetako kaleratzeetan, % 90 LABeko afiliatuak izan dira. Azken bost langile horiek, bere egunean, soldatetan zorra zegoela eta, salaketak ipini zituzten LABen bidez. Epaitegietan azkenean akordio ofiziala lortu zuten zuzendaritzagaz, eta hilero zorrak ordaintzen joan da ordutik.

Datozen egunetan, egoera zertan den jakin eta akordioak lortzeko, Arriaundi SL-ko zuzendaritzagaz eta beste sindikatuekin berba egiten ahaleginduko dela azaldu du LABek. Bitartean, kaleratzeak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte. Gaur eguerdian Andra Mariko elizpean kontzentratu dira, eta bihar eta etzi ere egingo dituzte elkarretaratzeak, 12:30etik 13:00era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!