Sei hankako txahala jaio da Gaztañatza auzoan

Anboto 2015ko api. 8a, 13:51

Apirilaren 2an jaio zen txahala, eta bost hanka osorik dauzka; seigarrenaren zati txiki bat dauka mokorrean. Jesus Lizarazuren baserrikoa da txahal txikia, eta normal bizitzeko arazorik ez daukala azaldu du baserritarrak: "arineketan ez harrapatzeko moduan egiten du".

Albaitariaren berbetan, hasieran bikiak izan behar zituen behiak, baina ernaldian bakarra garatu zen.

Txahala argia dela kontatu du Lizarazuk: "Batzutan malformazioekin jaiotzen diren animaliak ez dira argiak izaten eta egun gutxiko bizia izaten dute". Txahal txikia asko mugitzen da, eta esnea ere ondo edaten duela kontatu du Gaztañatzako baserritarrak. Bosgarren hankarekin ondo moldatzen dela, eta Lizarazuk ez du ebakuntzarik egitea pentsatu.

Horrelako gertakizunak gutxi izaten direla nabarmendu du Jesus Lizarazuk: "80 urteko baserritarrei galdetu, eta halakorik egundo ere ez dute ikusi". Hanka txikiak agian bai, baina oso-osorik dauden hankak izatea arraroagoa dela azaldu du iurretarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!