Elkartasun eta abentura bidaia Marokoko basamortura

Anboto 2015ko mar. 19a, 10:00

Bizikleta hartu, eta sei egunez Marokoko basamortuan Titan Desert by Garmin lasterketan parte hartuko dute Basamortura Eskuzabal ekimeneko kideek. Lea-Artibaiko eta Mendaroko bost lagunekin batera, abentura horretan murgilduko da Iurretako Eneko Barroeta. Muturreko bizikletako proban parte hartzea ez da izango euren helburu bakarra: 6.000 euro baino gehiago batu gura dituzte medikamentu eta arropetan, eta euren bidaia laguntza solidarioa bideratzeko aprobetxatu. Apirilaren 27tik maiatzaren 2ra izango da proba.


Ander Txakartegi berriatuarraren ekimenez hasi zen bizikletazaleen taldea elkartzen. Orain, Marokorako euren bidaia eta laguntza bidaltzeko modua prestatzen dabiltzala azaldu du Eneko Barroeta iurretarrak.  

Bertso saioa domekan
Etzi bertso saioa egongo da Berriatuko pilotalekuan, 17:30ean, ekimenari laguntzeko. Nerea Ibarzabal, Eneko Abasolo Abarkas, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Amets Arzallus eta Jon Maia izango dira bertsolariak.

Amatxorbe elkartea
Iurretako Amatxorbe elkartearen bidez egingo dute laguntza solidarioa bideratzeko lana. Amatxorbe kirola eta elkartasuna uztartzen dituen elkartea da, eta 2012an sortu zuten, Panda Raid auto proba solidarioan parte hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!