Martxoak 8

Herriko hogei emakumegaz dokumental bat landu dute

Anboto 2015ko mar. 6a, 09:40

Anderebidek egindako irteera bat.

Gaur, 19:00etan, proiekzio berezia egingo dute Ibarretxe kultur etxean. Iurretako Udalaren ekimenez, herriko hogei emakumegaz dokumental bat landu dute, bakoitzaren bizimoduak eta ikuspuntuak azaltzeko. Iurretako emakumeak atzo eta gaur izena ipini diote filmari. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatearen esanetan, emakumeen lanari balioa emateko egitasmo bat da: “Historikoki emakumeek eduki duten paper garrantzitsua azpimarratu gura izan dugu”.

Etxekoandreak, politikariak, baserritarrak, beharginak... Sektore askotako andreak hartu dituzte kontuan dokumentala grabatzeko. Guztira, 40 minutuko iraupena dauka.

Bihar, afaria
Horretaz gainera, beste hainbat ekitaldi ere egongo dira Iurretan, Martxoaren 8aren harira. Udalak eta Anderebide emakumeen elkarteak antolatu dituzte elkarlanean. Bihar, adibidez, emakumeentzako afaria egongo da Goiuriko Ikuspegi jatetxean, 21:30ean. Lehenago, 20:45ean, Bidebarrietan elkartuko dira, autobusez bertaratzeko aukera egongo da eta.

Afariaren ostean, gainera, dantza egingo dute erromeriak lagunduta, eta jai giroari segida emango diote horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!