Martxoak 8

Emakumeek korrika batera egiteko taldea sortu dute Iurretan

Anboto 2015ko mar. 5a, 13:56

Gu Be Bai Runners Iurreta izeneko taldea sortu dute udalaren eta Iraia Garcia atleta zornotzarraren eskutik; martitzenean egin zuten aurkezpena. Herriko emakumeek korrika batera egiteko ekimena da, eta domeka honetan hasiko dira partaideak batzen; martxoaren 8tik 23ra bitartean egongo da izena emateko aukera. Edozein adineko andreek parte hartu ahalko dute, gaitasunaren arabera hiru taldetan banatuta: batzuk oinez ibiliko dira; beste batzuek, oinez ibiltzeaz gainera, arineketan egingo dute; eta gainerakoek arineketan bakarrik egingo dute. Inskripzioa doakoa da.


Martxoaren 8a taldearen abiapuntu izateko aprobetxatuko dute. Izan ere, 11:30etik aurrera inskripzioak egingo dituzte Askondo kalean. 12:00etan, adierazpen instituzionalaren ostean, gerturatzen direnekin probarako saioa garatuko dute. Aita San Migel plazaraino oinez joango dira, eta bertan taldeka banatuko dira. Plazatik Berezi parke ingururaino joango dira, eta gero buelta egingo dute.

Astean birritan
Gu Be Bai Runners Iurreta taldekoek astean bitan edukiko dute kirola egiteko aukera. Astelehen eta eguaztenetan elkartuko dira plazan, baina ordua oraindik zehazteke dago. Izena ematean, bakoitza zer ordutan geratu ahal den ipintzeko eskatuko diete, eta adostasun handiena duten orduetan irtengo dira korrika egitera. Inskripzio epea amaituta, apirilaren 13an egingo dute lehenengo saioa, Aste Santua pasatu ostean. Ekainaren 29ra arte iraungo du ikasturte honetako ekinaldiak; gutxi gorabehera hiru hileko iraupena dauka, beraz. Saio bakoitza ordubetekoa izango da; 40 minutuan ibiliko dira, eta beste hogeiak luzaketak egiteko erabiliko dituzte.

Irakasle edo gidari aparta edukiko dute Iurretako andreek, elitekoa. Izan ere, Iraia Garcia Euskadiko kross txapelduna da, eta Bizkaiko txapela ere lautan jantzi du.

Zornotzako esperientzia
Garciak Zornotzatik ekarri du emakumeentzako korrika taldea sortzeko ideia. Duela urtebete hasi ziren zornotzarrak batzen, eta, dagoeneko, 59 dira. Garciak, entrenatzera irtetean, beti ikusten zuen emakumeren bat kirola egiten, eta hausnartu zuen gehiago izango litratekeela, taldeka irtengo balira.  “Askotan ez dugu inor topatzen kirola egiteko”, eta horrek atzera botatzen ditu emakume asko.

Udalaren helburua da emakumeek eta gizonek egunerokotasunean kirolari eskaintzen dioten denbora orekatzen ahalegintzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!