Euriteetako urak biltzeko 25.000 metro kuboko ekaitz andela inauguratu dute Arriandin

Anboto 2015ko ots. 10a, 13:34

Euri asko egiten duenean, Arriandiko ur-araztegiak gainezka egiten du, eta ezin izaten du ur dena garbitu. Biltegiari esker, Ibaizabalera tratatu bako ur kantitate gutxiago isuriko dela nabarmendu dute. Ur Patzuergoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta URA agentziak finantzatu dute 6,3 milioi eurotik gorako azpiegitura.

Urtarrilaren 30ean, eurite handiak izan ziren barikuan, ipini zuten martxan ekaitzetarako biltegia, eta bertako lau deposituak bete ziren orduan, 25.000 metro kubiko. Ekaitzetarako andela euri asko egiten duenean ipiniko da martxan oraindik aurrera, eta hori urtean 50 aldiz izango dela kalkulatu dute. Orain arte, euriteetan, ur-araztegiak ezin izan du ur bolumena jasan, eta ateak zabalduta, tratatu bako ura joan izan da Ibaizabalera. Orain, biltegian eduki eta aurreraxeago pasatuko da ur hori araztegitik. Urtean, gutxi gorabehera 200.000 metro kubiko hondakin ur gutxiago isuriko direla azaldu dute biltegiaren inaugurazioan.

Arriandikoaren antzeko biltegiak Lamiakon, Santzurtzin, Asuan eta Etxebarrin daude Bizkaian. Arriandikoa Bizkaiko bigarren handiena da, Etxebarrikoaren atzetik (75.000 metro kubiko ditu).

Ekaitzetarako andelaren lanetan 54 enpresek parte hartu dute, eta guztira 465 pertsonen lana behar izan dela nabarmendu dute inaugurazioan. Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzaren URA agentziako ordezkariak, Ur Patzuergokoak, Foru Aldundikoak eta Bilboko eta Iurretako alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!