Askondo kalean karpa bat ipiniko dute inauteriak ospatzeko

Anboto 2015ko ots. 9a, 18:00
Zapatu karnabalean, urtero familia argazkia ateratzen dute bazkalostean.

Olaburu pilotalekutik Askondora igaroko dira aurten Iurretako inauterien ospakizunak. Askondon trafikoa noranzko batean moztuta dagoela aprobetxatu, eta karpa ipiniko dute bertan.


Aitte San Migel Jai Batzordeko kideek jakinarazi dutenez, bazkarirako izena eman daiteke, dagoeneko, Ibaiondo eta Gauargi tabernetan. Bazkariak 15 euro balioko du, eta eguena da izena emateko azken eguna.

Azken urteotan ehun herritar inguru batu dira inauterietako bazkarian, eta, aurten, karpan gehiago sartuko direla azaldu du Miren Abasolo Jai Batzordeko kideak: “150 bat sartuko garela kalkulatu dugu, eta gehiagok ematen badute izena, ahaleginduko gara lekua egiten”. Berogailua eskatu dute dagoeneko. Abasolok gogorazi duenez, nahitaezkoa da mozorrotuta joatea herri bazkarian parte hartzeko. Bazkalostean familia argazkia aterako dute, eta erromeria izango dute Zesuma taldeagaz.

Eguenean, tostada-jana
Inauteriak heldu aurretik, eguen zuri egunerako, tostada-jana antolatu du Jai Batzordeak. Dantzari plazan ipiniko dute otordua arratsaldean.

Martitzen karnabalean, aldiz, umeentzako ikuskizuna egongo da Askondon ipinitako karpan. Disko festa izango dute, eta, kartel batzuetan 18:00etan ageri bada ere, ordu erdi lehenago, 17:30ean, hasiko da saioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!