Diru-sarreren Berme Errentaren alde, mozioa adostu dute EAJk, Bilduk eta PSE-EEk

Anboto 2015ko urt. 29a, 15:23

Gizarte babeserako laguntzen gaian “marra gorri bat” jarri guran, mozio bat adostu dute Iurretako EAJk, Bilduk eta PSE-EEk. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) dela-eta, azkenaldian, Euskal Herrian, eta bereziki Gasteizko Udalean, izandako eztabaiden harira etorri da testua. DBEren eskabideetan iruzurrak saihesteko, PPko Nacho Tocak Gobernazio Batzordean eskatu zuen Iurretako erroldak “zorroztasunez” kontrolatzeko, eta, eztabaiden ostean, gainontzeko  alderdiek mozioa adostu zuten.


Testuan azaldu dutenez, “eskubide sozialak murriztearen aurka, eta pobrezia eta kohesio soziala hobetzearen alde” agertu dira zinegotziak. Gizarte babesa “inbertsio gisa” sendotu beharra nabarmendu dute: “Eztabaidan jarri nahi dutenen aurrean, ukiezina dela diogu”. Iruzurren kontra, udaleko gizarte-zerbitzuek Lanbidegaz kontrolak hobetzeko konpromisoa ere bildu dute mozioan.  

PP, mozioaren kontra
Eguazteneko osoko bilkuran onartu zuten mozioa. PPko Nacho Tocak ez du testuaren lanketan parte hartu, eta bera izan da kontra bozkatu duen bakarra. Eguaztenean kontrol neurrien premia nabarmendu zuen: “Laguntzen kudeaketan justizia gehiago behar da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!