Lekualdatzeak hasi dituzte Belakortu eta S.Salaverria enpresek

Anboto 2015ko urt. 20a, 11:03

Iurretako herrigunean urte asko daroatzate Belakortu zerrategiak eta Santiago Salaverria automozioko lantegiak. Enpresa bietako lurrak birkalifikatu egin zituen Iurretako Udalak, eta beraz, herrigunea utzi beharra izan dute. Pabilioi berriak eraikita dauzkate, Belakortuk Mañariku auzoan, eta S.Salaverriak Arriandin. Orain, apurka-apurka enpresetako makinak lekuz aldatzen hasi dira.

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak azaldu duenez, lekualdaketek bere zailtasuna izango dute: “Kontutan eduki behar da produkzioa gelditu barik aldatuko direla tokiz”. Iurretan mantentzea garantzitsua dela nabarmendu du alkateak.

Etorkizunean, zer
Bideondon, Belakortuko lursailen % 40 inguru udalarena da, eta zerrategia lekuz aldatu eta eraikina bota eta gero, bertan urbanizazio proiektu bat egiteko asmoa dago, lau etxebizitza blokekoa.

S.Salaverriako lursaila, aldiz, banku batena da, eta udalean oraindik ez dakite lurrekiko zer asmo izango duen: “Gure eginkizuna jarraipena egitea izango da”, esan du Totorikaguenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!