Desanexioaren osteko lehen osoko bilkura gogoratuko dute zapatuan

Anboto 2015eko urtarrilaren 9a

Politikari eta herritarrak duela 25 urte, Iurretako elizpean egin zuten botere eskualdatze ekitaldian. Argazkia: Foto Sol.

Duela 25 urte, 1990eko urtarrilaren 10ean egin zuten Iurretan desanexioaren osteko lehen osoko bilkura. Data hori gogoratuko dute bihar, Iurretan, 11:00etatik aurrera. Osoko bilkura berezian, adierazpen instituzionala irakurriko dute, duela 25 urteko konpromisoak berresteko, eta, gero, Elizateko batzarrak sinbolizatzen dituen harrizko mahai bat ipiniko dute elizpean.


Adierazpen instituzionalaren bidez, desanexioaren arrazoiak eta orduan hartutako konpromisoak “indarrean” daudela azalduko dute, Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan.  Totorikaguenak herri izaera berreskuratzean edukitako helburuak gogoratu ditu: “Herritarren beharrizanetatik hurbilago egotea, baliabide publikoak hobeto kudeatzeko udalerri orekatu bat izatea eta zerbitzu publikoak herritarrei hurreratzea”. Zapatuan, adierazpena irakurri eta gero, elizateko mahaia ipiniko dute elizpean; izan ere, antzina, elizateetan, eliza aurrean eta mahai baten bueltan lantzen ziren gai publikoak batzarretan. Batzar horiek sinbolizatzeko, harrizko mahaia ipiniko dute elizpean, plaka bategaz.

1989: txapliguak Durangon
Desanexioa bultzatzeko lehen gestora 1983an sortu zen, Iurretan. Harrezkero, “negoziazio gogorrak” izan zirela gogoratu du Mikel Sopelana gestorako kide izandakoak. Diru kontuek eta muga geografikoek –Orozketan eta Landakon– eragin zituzten buruko min handienak. Sopelanaren ustez, 1991ko urtarrilekoa baino data gogoangarriagoa da 1989ko maiatzaren 23koa. Egun horretan, Durangoko Udalak desanexiorako puntuak onartu zituen osoko bilkuran: “Udalbatza iurretarrez bete genuen, eta txapliguak eta guzti bota genituen gero, Durangoko udaletxeko balkoitik”. Ilusio handiko urteak izan ziren, Sopelanaren arabera.

25. urteurreneko irudia
2015ean irudi berezi bat erabiliko du Iurretako Udalak, urteurrenearen harira sortutakoa. Iurretako armarriaren bertsio bat da, magenta kolorean sintetizatua, eta, zuhaitzagaz eta dorreagaz batera, Iurretako banderaren izarra dauka barnean. 25.urteurrenean erabiliko da marka hori, eta, urtea amaitu ostean, irudi berriagaz jarraituko duten edo ez erabaki barik dagoela azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!