Abenduaren 1ean hasiko dira bigarren elkartasun merkaturako materiala batzen

Anboto 2014ko aza. 25a, 12:33
Anderebideko eta Iurretako udaleko ordezkariak, goizean egin duten prentsaurrekoan.

Jostailuak, bitxiak, liburuak eta egoera onean dagoen arropa batuko dute abenduaren 10era bitartean. Anderebidek bigarren urtez antolatuko du elkartasun merkatua. Herritarrek eroandako materiala abenduaren 15etik 18ra salduko dute, eta salmentetako dirua JAEDera bideratuko dute.

Ibarretxe kultur etxean bigarren eskuko denda txiki bat eratuko dute horrela, Gabon ingururako. Iaz egin zuten lehelengoz, eta ekimenak bi helburu dituela nabarmendu dute Anderebideko kideek: Iurretan beharra duten pertsonei opariak eta bestelakoak merke erosteko aukera ematea, eta bide batez, JAEDen bitartez, larrialdi egoeran dauden familiei laguntzea.

Iaz 1.000 euro batu zituzten ekimenari esker, eta oso balorazio ona egin zuten: "Mugimendu handia egon zen, eta jende nagusi askogaz batera, umeak ere etortzen ziren, euren neba-arrebentzako eta gurasoentzako opariak erostera", kontatu dute elkarteko kideek.

Abenduaren 1etik 10era materiala jaso eta gero, abenduaren 15ean zabalduko dute elkartasun merkatua, eta lau egunez egongo da zabalik, kultur etxean bertan. Goizez eta arratsaldez egongo da zabalik: 09:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:30era.

Gabonetako egitaraua

Merkatuagaz batera, Gabonetarako Iurretan presatu diren ekitaldiak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan. Hona hemen egitaraua:

- Abenduaren 10etik 24ra:

Iurretako gutun eta postal lehiaketa 13 urtetik beherako umeentzat

Iurretako erakuslehioen lehiaketa

- Abenduaren 18an eta 22an:

Abenduko koplen entsegua, 20:00etan Goiuria kultur gunean.

- Abenduaren 19an:

Olentzerorentzako gutunak eroango dituzte umeek Ibarretxera. Txotxongiloak eta 'Olentzero eta zaku magikoa' antzezlana umeentzat.

20:00etan, Virginia Imaz ipuin-kontalaria helduentzat, 'Cuando el fin sea el principio'

- Abenduaren 22an:

12:00etan Gabonetako kontzertua, Bartolome Ertzilla Gazte Orkestraren eskutik, kultur etxean

- Abenduaren 22an eta 23an

10:00etatik 12:30era umeentzako eskulan tailerrak Ibarretxe kultur etxean. Doakoak dira baina izena eman behar da abenduaren 1etik 15era.

- Abenduaren 23an

10:00etan San Migel plazan irtenda, koplak kantatuko dituzte etxez etxe.

- Abenduaren 24an

Olentzerori harrera. 11:30ean trikitiariekin kalejira Amilburu frontoira. Bertan egongo dira umeak Olentzerorekin.

- Abenduaren 26an, 27an, 29an eta 30ean

- Gabonetako umeen parkea frontoian, Kimuak aisialdi elkarteagaz.

- Abenduaren 29an eta 30ean

Tren txu-txu Iurreta eta Durangotik. Goizez eta arratsaldez. Iurreta kopisteria aurrean hartu beharko da trena.

- Abenduaren 30ean

12:00etan 'Amonaren sutondoko ipuinak', umeentzako ipuin-kontalaria, Olaburu frontoian. Amaitzen denean, gutun eta postal lehiaketako sari banaketa.

- Urtarrilaren 2an

11:30ean, umeen ikuskizuna Ibarretxe kultur etxean.

- Urtarrilaren 5ean

Iluntzean erregeen kabalgata eta txokolatada Anderebide elkartearen eskutik.

 

 

-

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!