Arraiaundiko pastelgintzako bost langile kaleratu dituzte

Anboto 2014ko aza. 7a, 09:28

Arriaundi SLko zuzendaritzak bost behargin kaleratu dituela salatu du LAB sindikatuak asteon. Asteburuan jaso zuten kaleratzeen berri. Pastelgintza sailean ordezkaritza duen sindikatuak subrogazio orokorra eskatu zuen, pastelgintzako behargin guztiak okintzara orain arteko baldintzekin pasatzeko, baina gertakariak ez doaz bide horretatik.


Hamabost behargin izan ditu Arriaundiko pastelgintzak. Euretako bost pastelgintzatik okintza sailera subrogatu zituen zuzendaritzak, irailean, eta beste bost asteburuan kaleratu ditu: “Gelditzen diren bostekin ez dakigu zer gertatuko den, baina argi dago pixkanaka pastelgintza atala suntsitzen dabilela zuzendaritza”, azaldu dute LABetik. Bost langile horiek pastelgintzan daude kontratatuta, eta ordu batzuk okintza sailean egiten dituzte.
Gaur dira batzartzekoak sindikatua eta zuzendaritza, kaleratzeen inguruan eta lan egutegiak direla-eta izan dituzten auzien inguruan berba egiteko.


LABen eskariak
LAB sindikatuak kaleratzerik ez egotea eta lanpostu guztiak okintzan subrogatzea gura duela azaldu du: “Baina pastelgintzako kontratuen baldintzekin, legeak dioen moduan”. LABekoek kritikatu dute okintza sailera subrogatutako bost langileek ez dituztela jatorrizko lan baldintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!