Etxeko suteei aurre egiten lagunduko diete Iurretako nagusiei

Anboto 2014ko ira. 22a, 15:00

Laster, 80 urtetik gorako iurretarrek bisita jasoko dute etxean, etxeko suteen inguruko informazioagaz eta ke-detektagailuak ipintzeko eskaintzagaz.  Udalak kontratatutako zerbitzua da, eta herritarrentzat doakoa izango da.


Arrisku iturri izan daitezkeen instalazio elektrikoak, berogailuak eta tximiniak aztertuko dute bisitetan. Gainera, segurtasunerako jakin beharreko ideia batzuk azalduko dizkiete Iurretako nagusiei, eta, sua piztuko balitz, zer egin jakiteko liburuxka bat utziko dute etxeetan. Ke-detektagailu bat ere jarriko dute, “larrialdia gauez gertatzen bada, ohean daudenak altxatzeko”. Horretarako obrarik ez dela egin beharko azaldu dute. Ebakuazioak errazteko krokisak ere egingo dituzte bisitetan.

Azaroaren amaiera baino lehenago egingo dituzte bisitak, eta aurretik gutuna bidaliko dute etxeetara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!