Ikastaroa zertan oinarritzen da?
Ikastaroan landuko duguna ulertzeko, ni zer testuingurutan ibiltzen naizen ezagutzea garrantzitsua da. Nik lantzen dudana jabekuntza da. Jabekuntzan, lidergoa eta harmonizazioa lantzen ditut, eta eneagrama da erabiltzen dudan metodologia. Zutabea da norberak bere burua ezagutzea. Adimen emozionaleko konpetentziak ere lantzen ditut. Jendea ondo sentitzea da asmoa, eta norberaren indarguneak bultzatzea. Gai hauek maila pertsonal zein familiarrean lantzen ditut. Dena lantzen dut genero ikuspuntutik.
Zelako talde dinamika erabiliko duzu Iurretako ikastaroan?
Konpetentzia emozionalak landuko ditugu eneagramaren bidez, eta taldearen arabera landuko ditugu gainerako gaiak, ekartzen dituzten eskaeren arabera.
Zer profiletako jendea joaten zaizu laguntza eske?
Denetarik dago. Asko ikasteko gogoz etortzen dira, jakin-mina dutelako. Beste batzuk, berriz, momentu ahulean dauden pertsonak izaten dira. Zu ondo bazaude, harmonizazioa lantzen jarraitu dezakezu, beti ez garelako ondo egoten. Eta momentu berezi batean daudenek babesa izaten dute.
Lidergoa zelan lantzen duzue?
Sororitatean lantzen dugu lidergoa: egoera zailei aurre egiteko gaitasuna izatea eta afektuzko espazioak sortzeko gaitasuna izatea bultzatzen da.
Ikasturte hasiera sasoi ona da familia dinamikari buruz hausnartzeko?
Nire ustez, sasoi ona da hausnarketa pertsonal bat egiteko eta zure familiari buruzko hausnarketa egiteko; familia osoarena. Nik harreman sareak lantzen ditut. Eneagramaren bidez konturatzen zara zergatik hartzen dituzun erabaki batzuk, eta zure familiakoak nondik dabiltzan. Munduan bizitzeko eta fedea izateko bederatzi modu daude, eta zuk ikusi behar duzu zu non zauden kokatuta. Horrela, zure familiakoek jokatzen duten moduan zergatik jokatzen duten ikusi dezakezu. Orekatuta zauden ikusi dezakezu, eta zer egin dezakezun zu zeu orekatzeko eta ingurukoei laguntzeko.
Orekatuta egoteari garrantzi handia ematen diozu.
Orekatuta egotea zeure buruagaz harmonian egotea da, gustura egotea zeure buruagaz. Nik ez dut patologiari buruz berba egiten. Orekatuta zauden, ondo zauden, begiratzen dut. Ahul bazaude, oreka galtzen ari zara. Oreka bat bilatzea da kontua. Norbera ondo egoten ikastea eta besteei ondo egoten laguntzea da asmoa.
Gurasoek zelako tresnak dituzte familia dinamiketan?
Zu ondo egotea eta zure emozioak orekatuta egotea da helburua. Emozio guztiak onartzea garrantzitsua da, umeek mapa emozional guztiak barneratzeko eta beti emozio batean blokeatuta ez gelditzeko. Teoria mailan badaude beste estrategia batzuk, baina estrategia emozionalak gehiago landu beharko genituzke.
‘Supernany’ eta ‘Hermano mayor’ programek ez dituzte arlo horiek lantzen. Zer iritzi duzu horietaz?
Denbora gutxian aldaketa handiak lortzen dituzte, baina jarraipena duten ala ez ikusi behar da. Nik beste ikuspegi bat dut.
Guraso eta seme-alaben artean harremanak asko aldatu dira?
Genero aldaketa egon da, baina horrek ez du esan nahi guraso guztiek kontzientzia hori dutenik. Guraso askok ez dute mikroindarkeriaren eta mikromatxismoaren gaineko kontzientziarik.
Zertan nabaritu daiteke hori?
Emozio arloan ekintza asko daude. Negarrez hasi, eta negar egiten ez uztea, esaterako. “Nesken modura egiten duzu negar”, esaten da oraindik. Ez da onartzen zu triste zaudela. Indarkeria arloan, adierazteko moduak, tonuak, etiketak, irainak... Desberdintasunak daude oraindik.
Emakume elkarte ugariren sorreran parte hartu duzu.
Berrizko Gure Izarra elkartea sortzen lagundu nuen. Ikastaroak ematen hasi nintzen, eta taldea sortu genuen. Elorrion, Elorri Lore elkartean jardun nuen. Estatutuak egiten lagundu, helburuak finkatu... Aurten hiru elkarteren sorreran lagundu dut. Bi Bilbon eta bat Galdakaon.
Emakumeen elkarteek zelako egoera bizi dute?
Momentu honetan finantziazio arazo handiak dituzte ekintzak egiteko. Gai kulturalak edo berdintasunaren inguruko gaiak landu gura dituzten erabaki behar dute. Hori oso argi izan behar dute. Ni nabilen taldeetan parte-hartzea handia izaten da.