"Ikasturte hasieran ikasleek aukera berriak dituzte eta ez dute zertan aurreko akatsik errepikatu"

Anboto 2014ko ira. 8a, 09:10

Ikasle eta guraso askok arduraz begiratzen diote ikasture berriari. Jon Arruabarrena psikologoak (Iurreta, 1961) ikasketa arazoak dituzten ikasleekin dihardu. Ikasketetan zailtasunak dituztenei ikasturteari aukera berri bat izango balitz bezala begiratzeko gomendatzen die. Gurasoei, berriz, irakasleekin harremana sendotzeko aholkatzen die. Aditu honen ustez, motibazio falta izaten da ikasle askoren arazoa.


Uda amaitu da. Opor osteko sindromeari ikasleek zelan egin diezaiokete aurre?
Ikasturtea apurka-apurka hasi beharra dago, egokitzapena ondo egiteko. Batzuek ikaskide edo irakasle berriak izaten dituzte, eta egoera berrira egokitu beharra dute. Hala ere, prosezu hori ezin da luzeegia izan. Batzuk beranduegi konturatzen dira ikasturte horretan zailtasunak dituztela.

Zer gomendio emango zenieke ikasleei eta gurasoei?
Ikasleei esango nieke ikasturte berri baten aurrean daudela. Zerotik hasten direnez, ez dituzte zertan aurreko akatsak errepikatu. Gurasoei dagokienez, irakasleenganako harremanak sendotzea komeni da.

Zer profiletako jendea etortzen da zure kontsultategira?
Ikasketetan emaitza aldetik arazoak dituztenak, eta, dena gainditu arren, ikastea kosta egiten zaienak zein ikasteko teknikak hobetu gura dituztenak.

Zein adinetakoak izaten dira?
DBHtik aurrera, 12 urtetik gora izaten dituzte. Irakurketa lantzen dugu gehien. Irakurketa mekanikoari baino ulermenari ematen diogu garrantzia. Laburpen, eskema edo mapa kontzeptual bat egiten jakiteko 12 urtegaz izaten den logika behar da. Txikiagoekin teknikak baino ohitura onak lantzen ditugu. Esate baterako, agenda bat erabiltzen irakasten diegu.
 
Zein da gehien lantzen duzuen arazoa?
Motibazio falta da gehien ikusten dudan arazoa. Ikasle onak oso motibatuta egoten dira, baina beste ikasle batzuk, aldiz, ez. Gaitasun batzuk izan arren, adimenari eta irakurmenari dagokionez, gasolina hori falta zaie. Motor ona izan dezakete, baina gasolina barik ez doaz inora. Kasu horretan gasolina motibazioa izaten da; gogo barik joaten dira klasera, aspertu egiten dira, eta besteei molestatzen diete.
 
Motibazio faltari zelan egin diezaiokegu aurre?
Eskatzen diet pentsa dezaten zertarako joaten garen eskolara. Denok dakigu etorkizunean bizimodu eroso bat eta soldata on bat ateratzeko izan daitekeela. Baina horri letra larriz idatzitako motibazioa deitzen diot. Beste motibazio bat, letra xehez idazten dena, eguneroko konstantzia da. Eguneroko ahalegina zelan irakasten da? Etxean zein gelan ahaleginaren balioa irakatsi behar zaie. Gainera, gazteek ez dute nagusien motibazio bera. Beraiek gustuko dituzten sariekin lortu daiteke motibazioa. Barruko motibazioa izatea oso zaila da. Beraz, kanpoko motibazio bat izan dezake, gauza materialak zein immaterialak.

Zer arazo duen detektatzea, hau da, diagnostiko zehatza egitea zaila izaten da?
Informazioa hiru iturritatik eskuratzen dut. Lehenengo, irakasleengandik hartzen dut informazioa. Beste iturri bat gurasoena izaten da. Umeak zelako garapena izan duen, eta etxean agertu diren arazoak zeintzuk diren azaltzen dizkidate. Eta hirugarren iturria gaztea bera da.  

Hurrengo pausoa zein izaten da?
Arazoa aztertu eta gero, tratamendua jartzen dugu, bai umeagaz, bai gurasoekin. Plangintza egiterakoan, ikasteko teknikak eta ohiturak daude. Ohitura horiek ez badira planifikatzen, gazteek ez badakite beraien astea edo hiruhilekoa planifikatzen, itxi egiten dute. Azterketaren aurreko astean hasten dira lanean, eta beharra pilatzen zaie. Lehenengo pausoa agenda bat zer den jakitea eta erabiltzea da. Egutegia batzuentzako gauza oso normala da, baina beste batzuek zirriborroak margotzeko erabiltzen dute.  

Gazteek eskolaz kanpoko ekintza ugari izaten dituzte. Badute guztirako astirik?
Gazteak futbola edo beste ekintzaren bat badauka, ordu horiek beteta dituela jakin behar du plangintza egiterakoan. Badaude ikasle onak eskolaz kanpokoak egin ditzaketenak eta denbora topatzen dutenak beraien etxeko lanak egiteko. Egin daiteke.

Etxeko lanen aldekoa al zara?
Etxeko lanen inguruan ez nago ez alde, ez kontra. Gelan ikasitakoa etxean errepasatu eta kontzeptuak finkatzeko bada, ondo deritzot. Baina etxeko lanak egiteko eskola partikularretara joteari ez diot zentzu handirik ikusten.

Udan lanean jardungo duen ikaslerik izango da.
Ikasturtean lanik egin ez duenak udan egin beharko du. Emaitzak alde batera utzita, ezberdina da ahalegindu denaren eta ahaleginik egin ez duenaren kasua. Ekainean ez duenak lanik egin uztailean egin beharko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!