Arriaundi SL enpresako langileek apirilean jakin zuten zuzendaritzaren asmoen berri. Hainbat neurri hartzekotan zirela jakinerazi zieten. Pastelgintza atala ixtea zegoen neurrien artean, eta baita okindegi arloko langileei soldatak %6 eta %25 artean bajatzea ere. Pastelgintzako langileak beste postu batzutan birkokatzeko asmoa ere azaldu zuten.
Okindegia eta pastelgintza, arlo bitan banatzen da Arriaundi SL. Okindegiko langileen ordezkari sindikalak CCOO -bi ordezkari- eta ELA -bat- sindikatuetakoak dira. Pastelgintzako ordezkaria LABekoa da. Azken sindikatu honek eman du lan gatazkaren berri.
LABek azaldu duenez, maiatzean aholkulari sindikalekin asanblada egin zuten langileek eta negoziazio mahai bakarra sortzea erabaki zuten: "plantilla osoa mantentzea zen abiapuntua". Azken hileotan, okindegiko langileek soldata murrizketaren komunikazia jaso dute. LABek kontatu duenez, CCOO eta ELAko ordezkariek enpresagaz adostu dute neurri hori. Pastelgintzan,, berriz, lan kontratuak amaitzeko erregulazio txostena eskatu du enpresak, eta hori dela eta, bariku honetan, uztailak 4, greba mugabakoa hastea erabaki dute langileek. "Amaierara arte lanpostuak defenditzeko asmoa daukate", azaldu du LABek.