Gurutze Gorriari saria eman dio Iurretako Institutuak

Anboto 2014ko eka. 6a, 14:13

Ikasleak praktiketan hartzeko institutuagaz duten konpromisoa eskertu gura izan dute, eta Veronica Diestro, praktikak lotzen dituen langilearen lana aitortu.

 

Heldu da ikasturte amaiera Iurretako Institutuan, eta prakikak amaitu dituzten ikasleei diplomak emateagaz batera, Iurretako Institutua Saria banatu dute eguerdian. Saria bikoitza izan da: Bizkaiko Gurutze Gorriko Maitane Boulandierrek jaso du, eta aipamen berezia eginda, Iurretako Institutuko Laguna Veronica Diestrori eman diote. Diestro Gurutze Gorriak gizarte bazterkeriaren kontra daukan 'Ahora más que nunca' programako koordinatzailea da eta institutuko ikasleen praktiken tutorea izaten da.

2006-2007 ikasturtetik dabiltza lankidetzan Iurretako Institutua eta Gurutze Gorria. Administrazio kudeaketako zikloko ikasleek egiten dituzte praktikak erakundean. Veronica Diestrok saria emozioz jaso du: "Gurutze Gorriaren lema, "geroago eta gertuago" da, eta ahalegintzen naiz ikasleekin hori praktikan ipintzen; giro ona eta talde lana sustatzen. Ikasleekin izan dudan esperientzia oso aberatsa da eta asko ikasten dut eurekin. Eskerrik asko".

Diploma banaketa

Aurten 108 ikaslek amaitu dute ikasturtea Iurretako Institutuan. Praktikak inguruko hainbat enpresatan eta atzerrian burutu dituzte. Polonia, Alemania, Italia eta Austriako enpresetara joan dira ikasle batzuk. Tomas Maguregi institutuko zuzendariak nabarmendu du ikasle batzuk ezin izan dutela diploma banaketan egon, praktiketan egon diren enpresetan kontratua sinatzea lortu dutelako. Zorte bera opatu die beste ikasle guztiei ere: "Praktikak hasi aurretik asko zalantzekin zeundeten, ea lana ondo egiten jakingo zenuten. Horrela izan dela ondo dakigu, eta zorionak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!