"Emakumeen jabekuntzarako oso garrantzitsua da kirola"

Anboto 2014ko eka. 3a, 12:09

'Emakumea, kirola eta osasuna' jardunaldiak antolatu dituzte Iurretan, emakumeak bereziki aktibitate fisikoaren garrantziaz kontzientziatzeko. Egitarauaren barnean, Eneritz Iturriaga, Gurutze Frades eta Iraia Garcia kirolariak mahaingurua eskainiko dute 'Emakumeak, kirola eta berdintasuna' izenburuagaz, ekainaren 11n.

 

"Gure osasunerako garrantzia handia daukan arren gizonek baino denbora gutxiago hartzen dugu kirola egiteko". Anderebide elkarteko Ana Mari Urkidiren berbak dira. Emakumea eta kirola ardatz hartuta egitaraua prestatu dute datozen egunetarako: "Helburua herritar denak, baina bereziki emakumeak, kirolak daukan garrantziaz jabetzea da".

Ibarretxe kultur etxean argazki erakusketa ipini dute 1975 inguruan ateratako argazkiekin; Bizkaiko emakume kirolarien hemeretzi argazki daude ikusgai. Hainbat berbaldi ere izango dituzte datozen egunetan: Eguenean, ekainaren 5ean, 18:30ean, elikadura eta kalitateari buruzko hitzaldia edukiko dute Eusko Labeleko Lourdes Goikoetxearen eskutik. Ekainaren 10ean 11:00etan "Nutrizioa eta ariketa fisikoa" berbaldia emango dute Javier Serra eta Xanti Perez medikuek. 

Ekainaren 11n, 19:00etan, mahainguruan batuko dituzte Durangaldeko hiru emakume kirolari. Eneritz Iturriaga, Gurutze Frades eta Iraia Garciak 'Emakmea, kirola eta berdintasuna' gaia edukiko dute ahotan.

Berbaldiez gainera, irteera bat ere egingo dute Markina-Xemeinera, ekainaren 9an. Ekainaren 5era arte eman daiteke izena Ibarretxe kultur etxean. 

 

Adin guztietako kontzientzazioa

Anderebidek, Alargunak elkarteak eta udaleko ongizate sailak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Prentsaurrekoan eman dituzte azalpenak Anderebideko Ana Mari Urkidik eta Ainhoa Albizuri zinegotziak. Kirolak emakumeen jabekuntzan garrantzia handia duela azaldu du Urkidik: "Autoestimua igo egiten da kirola eginda, eta osasunerako ona izateaz gain, beste pertsona batzuekin hartuemanak egiteko ere ona da". Emakumeek oro har, kirola egiteko gizonek baino denbora gutxiago hartzen dutela azaldu dute: "Zaintzan, adibidez, denbora gehiago ematen dugu, eta denbora hartzea kostatu egiten zaigu".

Emakume helduengan, batez ere, kontzientziazio lana egin behar dela uste du: "gazteak ohituago daude eskolatik eta gustua hartzen diote kirolari". Iurretan egiten diren gimnasia eta biodantza lako tailerren garrantzia nabarmendu dute prentsaurrekoan: "Onura fisiko eta psikikoak ematen ditu kirolak eta talde barruan loturak sortzen dira". Biodantza taldean, eskolak amaitu eta gehiago guran geratzen direla nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!