Euri ura jasotzeko sistema ipini dute martxan ortu ludikoak ureztatzeko

Anboto 2014ko mai. 16a, 12:55
Ortu ludikoetan ekoizten diren ortuariak ur naturalagaz ureztatzea ahalbidetuko duen sistema berria ipini dute. Gune hartan dagoen eraikineko teilatuko euri urak deposito bitara batuko dira zorroten sistema baten bidez. Biltegi bakoitzak 1.300 litro ur gordetzeko edukiera du; 2.600 litro guztira.

 

Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak eta ortuetako teknikoa den Ramon Zearretak sistema berriaren gaineko azalpenak eman zituzten atzo. Abantaila nagusi bi ditu euri ura batzeak; batetik, kostuak gutxitzea ekarriko du, ur-hornidura sare orokorrarekiko dependentzia jaitsiko delako. Eta, bestetik, ortuariak ureztatzeko erabiliko den ura naturala izango da, klororik gabekoa.


Gaur egun 40 lagunek dute ortu ludikoa Iurretan. Durangaldean aitzindariak izan direla azaldu dute, eta ondoko herri askotatik (Berriz, Markina eta Derio, adibidez) etorri direla Iurretako azpiegiturek zelan funtzionatzen duten ikustera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!